Irailaren 7arekin batera jokatuko dute aurtengoan Euskal Jaietako Bola eta Toka Txapelketa. Zelaiondoko Bol&Tok Kirol Klubak antolatuta, 9:30ean hasiko da txapelketa, eta aukera izango dute kirolariek izena emateko 10:30era arte.
Ohi bezala, Zelai Ondo auzoko bolatokian izango da lehia, eta sariak banatuko dituzte. Bolan lehen lau postuetan sailkatzen diren gizonezkoek 100, 80, 60 eta 40 euro jasoko dituzte, hurrenez hurren; kirol horretan, emakumezkoen lehen bi postuak sarituko dituzte, gizonezkoen diru kopuru berberarekin. Tokari dagokionez, 80, 60, 40 eta 20 euroko saria jasoko dute lehen lau gizonezko sarituek, eta kopuru berbera jasoko dute hemen ere sailkapenean lehenen eta bigarren amaitzen duten emakumeek.
Gainera, bolan 40 euroko saria jasoko du lehen zarauztarrak, eta 20 eurokoa tokan. Horretaz gain, antolatzaileek azaldu dute irabazle nagusiek sari berezia ere izango dutela, eta jokalari bakoitzak ezingo duela sari bat baino gehiago jaso joku bakoitzean.