Hamazazpigarren postuan aterako da Zarautz Kontxarako sailkatze estropadan

Juan Luis Romatet 2025eko irailaren 3a

Zarauzko 'Enbata' trainerua. (Onintza Lete Arrieta)

Gaur arratsaldean jokatuko dute Kontxako estropadetarako emakumezkoen sailkatze saioa. Eguerdi partean egin dute irteera postuen zozketa. Eskualdeko hiru ontzi arituko dira lanean, eta hirurak ere A taldean aterako dira. 

Kontxako bandera gainean da. Datozen bi igandetan Donostian lehiatzeko sailkatze estropadak jokatuko dituzte gaur eta bihar: gaur emakumezkoen txanda izango da eta gizonena bihar. Bi arraunketa saioak ere 18:00etan hasiko dira. 

Gaur eguerdian egin dute Donostiako udaletxean gaurko saiorako irteera postuen zozketa. Haren arabera, Zarauzko Enbata hamazazpigarren postuan aterako da. Bere aurretik arituko dira Zumaia eta Orio: Zumaia hamalaugarren postuan eta hamaseigarrenean Orio. 

21 traineru arituko dira zazpi posturen bila, Arraun Lagunak ontzia, donostiarra izanik, dagoeneko sailkatuta dagoelako. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide