Ekintzez beterik dator Emakumeen Etxeko urte bukaera arteko agenda

Mireia Galarza Bastida 2025eko irailaren 5a

Emakumeen Etxea. (Artxiboa)

Dagoeneko eman daiteke izena antolatu dituzten ekintzetan, eta epea irekita egongo da irailaren 15era arte. Hitzaldiak, ikastaroak nahiz tailerrak eskainiko dituzte. 

Emakumeen Etxeak prest du urte amaiera bitarteko egitaraua, askotariko ikastaro, hitzaldi nahiz tailerrekin. Dagoeneko eman daiteke izena horietan, eta irekita egongo da epea irailaren 15era arte. Emakumeen Etxean, beren webgunean, bertako telefonora deituta -943-00 51 36- edota posta elektronikora idatzita -emakumeen-etxea@zarautz.eus- eman daiteke izena ekintzetan. Antolatzaileek azaldu dutenez, plaza kopurua mugatua izango da ekintza bakoitzean, eta kopurua gaindituz gero, zozketa egingo dute. Kontrara, gutxieneko parte hartzailerik izan ezean, bertan behera utziko dituzte tailerrak. 

Hain zuzen, Aingeruak eta neskameak: haurdunaldi subrogatua eta Matxosfera, maskulinizazioa eta eskuin muturra hitzaldiak eskainiko dituzte June Fernandezek eta Leire Padillak, hurrenez hurren. 18:30ean izango dira biak, euskaraz, irailaren 25ean eta abenduaren 10ean. Tailerrari dagokionez, emakume migratzaileei zuzendutakoa izango da, eta horren helburua izango da aipatutako kolektiboarentzat espazio seguru bat sortzea, talde bateko kide izatearen zentzua bilatzeko. Artearen bitartez, asmoa da bizipenekin eta migrazio prozesuarekin konektatzea. Irailaren 27an, urriaren 25ean eta azaroaren 22an izango dira saioak, 10:00etatik 13:00etara Emakumeen Etxean, gazteleraz. 

Ikastaroek askotariko gaiak landuko dituzte, hala nola kirola, artea edota gaitasun sozialak. Egun bat baino gehiagoko tailerrak izango dira, batzuk euskaraz eta beste batzuk gaztelaniaz, eta ordutegia ere desberdina izango dute guztiek. Hain zuzen, eskalada, irakurle eskola feminista, idazketa, emozioen kudeaketa, jendearen aurrean hitz egiteko gaitasunak, elektrizitatea eta iturgintza, eta antzerki tailerrak dira eskainiko dituztenak. Hemen begiratu daiteke eskaintza osoa. 

 

 

 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide