Trikitixa jaialdiak ordezkatuko du gaur urteetan txapelketa izan dena

Intza Trula 2025eko irailaren 3a

Zarautztrik trikiti eskolako ikasleak, emanaldia eskaintzen, iaz. (Guka)

Zarautztrik trikiti eskolako 25 ikaslek parte hartuko dute jaialdian. 19:00etan hasiko da, Lege Zaharren Enparantzan, eta euria egingo balu, Modelo aretora lekualdatuko lukete.

Euskal Astearekin jarraituz, trikiti jaialdia egingo dute gaur arratsaldean Lege Zaharren Enparantzan. Zarautztrik trikiti eskolako ikasleek zenbait pieza joko dituzte bertan, eta taldeetan banatuta igoko dira oholtzara, 19:00etatik aurrera. Udalak jakitera eman duenez, euria egingo balu Modelo aretoan egingo lukete jaialdia.

Adin ezberdinetako 25 ikasle izango dira gaurko emanaldia eskainiko dutenak: Alaitz Roteta, Gorka Valdes eta Hektor Folk; Amets Etxaide, Oihane Etxaide eta Haitz Lertxundi; Aratz Olaizola, Irati Orbegozo eta Uxoa Orbegozo; Eneritz Zapirain, Lore Erostarbe eta Naia Erostarbe; Ilargi Martin, Oier Illarramendi, Urko Urbieta, Jaione Eskudero, Larraitz Oñatibia eta Lierni Alkain; Ioritz Txapartegi, Irati Arizmendi, Oier Iturrioz eta Elene Arruti; eta Maider Labaka, Izaskun Ezeiza eta Olatz Leturiaga.

Lehen aldia izango du trikiti jaialdiak Lege Zaharren Enparantzan, gainerako urteetan txapelketa egin baita Euskal Astearen barruan. Xabier Txurruka Zarauzko alkateak Euskal Astearen aurkezpenean azaldu zuen aldaketaren arrazoia: azaldu zuenez, azken urteetan behera egin du txapelketako parte hartzeak, eta iaz bertan behera utzi zuten gutxieneko kopurura iritsi ez zirelako. Hala eta guztiz ere, asko dira lehiaketetan parte hartu nahi ez dutenak baina kaleak girotzera ateratzen direnak. Horrexegatik, txapelketa albo batera utzi, eta jaialdia antolatu dute aurten, Zarautztrik trikiti eskolako kideei plaza emate aldera.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide