'AAtik ZZra' ikuskizuna gaur arratsaldean, herriko kultur taldeen eskutik

Erredakzioa 2025eko irailaren 2a

Arrai Zopa taldekoak kantari Euskal Asteko ikuskizun batean. (Aritz Mutiozabal)

Beñat Intxauspek gidatuko du egitasmoa, eta, ohi bezala, diziplina anitzeko ikuskizuna eskainiko dute Lege Zaharren Enparantzan.

Euskal Astearen barruan, ohiturari jarrituz, herriko kultur taldeek eta eragileek ikuskizun bateratua eskaintzen dute, eta aurten ere indarrak batuta, diziplina anitzeko AAtik ZZra izeneko lana aurkeztuko diete herritarrei. Lege Zaharren Enparantzan izango da, 20:00etan hasita, eta euria egingo balu, Lizardi aretora lekualdatuko lukete.

Beñat Intxauspek ondu du ikuskizuneko gidoia, eta bera arduratuko da aurkezle lanak egiteaz. Bien bitartean, Zarautztrik kultur elkarteko ikasleek, Jalgi dantza taldeak, Goizeko Ihintza txistulariek, Arrai Zopa taldeak, Alproja antzerki taldeak eta Montetxio abesbatzak hartuko dute parte aurtengoan, baita Aner Peritz bertsolariak eta Motxian-Etxebeltz bertso eskolako kideek ere.

Iaz, Euskal Jaien mendeurrena zela eta, Euskal Jaiak ehun urtez herria ehuntzen ikuskizuna eskaini zuten, eta eguraldi kaskarra egin zuenez, Lizardi aretora eraman zuten.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide