Udako etenaren ostean, herritarrak berezko dinamika berreskuratzen hasiak dira pixkanaka, eta haiekin batera, taldeek zein eragileek ere aurrez aurre dute ikasturte berria. Batzuek nagikeriaz nola, beste zenbaitek irrikaz begiratu ohi diote irailean hasten den sasoiari, eta azken horietakoak dira literaturazaleak, plazerezko dituzten irakurle taldeek ere aurki ekingo baitiote ohiko martxari.
Eskualdeko herri gehienetan daude osatuta irakurle taldeak, eta horietako kideak datozen asteetan hasiko dira berriro elkartzen, aurrez zehaztutako euskarazko liburuak taldean aletzeko. Horien artean Zarauzkoa da zale gehien biltzen dituen egitasmoa, han talde bat baino gehiago baitaude martxan: udal liburutegiaren eskutik, gaur-gaurkoz haurrentzako zein gazteentzako talde bana eta helduentzako bi irakurle talde daude osatuta, eta hastear den sasoirako beste bat eratu nahi dute: behar bereziak dituztenentzako Irakurketa Errazeko (IE) Taldea. Euskarazko taldea izango da hori ere; antolatzaileek aurreratu dute urrian lau saio egingo dituztela, eta azaroan bi. Liburutegian eman daiteke izena, doan.
Zarauzko liburutegiak, hain zuzen, prest du Nerea Loiolaren gidaritzapean egiten dituzten literatur solasaldien udazkeneko sorta, eta helduek hilaren 18an eta 25ean izango dituzte iraileko saioak liburutegian bertan. Emillienne Malfattok idatzi eta Irati Bereauk euskaratutako Deitora zaitzala Tigrisek nobelarekin ekingo diote horiek ikasturte berriari, eta hurrengo bi hilabeteetan Katixa Agirreren Amek ez dute eta Loiolaren beraren Zebrak eta bideak liburuak jorratuko dituzte.
Haurren Tximilikuarteka taldeak, berriz, hilaren 24an egingo du ikasturteko lehen saioa, eta urriaren 29an eta azaroaren 26an izango dira segidakoak, 16:45ean hasita. Irakurketa ardatz dutela, kideek tertulia, jolasak eta bestelako ekintzak egin ohi dituzte Loiolarekin, eta jakinarazi dutenez, Daniel Hernandezen Enolaren sekretua, Alaine Agirreren Euri eta ateri –egilea bertan izango da– eta Unai Elorriagaren Jarraitu inurriari lanak jorratuko dituzte topaketa horietan, hurrenez hurren. Gazte literaturari dagokion taldeak, bestalde, urriaren 15ean egingo du lehen saioa, 16:00etan.