Kronoeskalada herrikoia, Salbide auzoko festetako osagai berria

Mireia Galarza Bastida 2025eko abuztuaren 31

Bizikleta bat, artxiboko irudi batean. (Artxiboa)

Salbideko parkean hasi eta Elkano auzoko bidegurutzeraino izango da lasterketa, San Blaseko aldapatik barrena. Hiru kilometroko proba izango da, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko pendiza metatuarekin. Dagoeneko eman daiteke izena proban. 

Euskal Astea igaro eta handik gutxira iritsiko dira festak Salbide auzora. Aurten, gainera, izango da berrikuntzarik bertan, I. Salbideko Kronoeskalada Herrikoia antolatu baitute irailaren 13rako. Goizean izango da proba, 10:30ean, eta dagoeneko eman daiteke izena, lotura honetan. Aurretik izena ematen dutenek 8 euro ordaindu beharko dute; egunean bertan, aldiz, 10 euroko kostua izango du proban parte hartzeak. 

Salbideko parkean hasi eta Elkano auzoko bidegurutzeraino izango da lasterketa, San Blaseko aldapatik barrena. Hiru kilometroko proba izango da, 225 metroko desnibelarekin eta %8ko pendiza metatuarekin, eta antolatzaileek azaldu dutenez, irteera banaka edo binaka izango da parte hartzaile kopuruaren arabera. Gaineratu dutenez, norberaren ardura izango da adostutako orduan hasiera eremuan egotea. 

Mendiko zein errepideko bizikletekin egin ahalko da lasterketa, baina inoila ere ez motorduna edo elektrikoa bada. Hemen ikus daitezke arauak eta oinarriak osorik. 

Sariak ere zehaztu dituzte. Hain zuzen, lehen emakumezko eta gizonezkoak txapela eta oroigarria jasoko dituzte, baina baita txirrindulari originalenak ere. Horrek, afari bikoitza eskuratuko du. Gainera, beste kirolari guztien artean, hainbat produkturen zozketa ere egingo dute: gosariak, kirol arropa, ardo botilak... Dena dela, parte hartzeagatik bakarrik edaria eta pintxoa jasoko dute proba amaieran txirrindulariek. 

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide