Eduki babestua

Bertatik bertara eta garaian garaikoa

Erredakzioa 2025eko abuztuaren 31

Mari Mar Manterol, Argoin Txiki baserriko kidea.

Zarauzko Udalak eta Urkomek Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina jarri zuten martxan baratzeak urtaro bakoitzean eskaintzen dizkigun produktuak jendeak ezagutu eta kontsumitu ditzan. Udararen txanda iritsi da. Argoin Txiki baserriko Mari Mar Manterola ekoizlearekin eta Amagoia Gurrutxaga eroslearekin bertako eta garaiko produktuei buruz hitz egin dugu.. Kontsumitu ditzagun Zarauzko produktuak!

Uda betean gaude; eguzkiaz, itsasoaz zein mendiaz gozatzeko oporraldietako garaia. Bestelako kontuak dituzte Argoin Txiki baserriko lursailetan. Mari Mar Manterola eta bere senar Iñaki Olaizola baratzean jo eta ke lanean topatu ditugu…

Mari Mar Manterola eta Iñaki Olaizola - Argoin Txiki baserria

 

Argoin Txiki baserria oso ezaguna da Zarautzen. Noiztik zabiltzate nekazaritza lanetan? Noiz hasi zineten zu eta zure senarra?

Argoin txikin belaunaldi luzez aritu dira baratzean; ezingo nuke esan noiztik zehazki, baina oso antzinatik. Iñakiren gurasoak 40 urte luzez aritu ziren baratzekoa azokan saltzen eta Iñaki eta biok 28 urte daramatzagu nekazaritzan. Ni kalekumea naiz eta Iñakik irakatsi dit nekazaritzaz dakidana; maitasunak eraman nau bizimodu honetara eta, neketsua den arren, oso gustuko dudala aitortu beharra daukat.

Uda garai betean gaude; udaberriaren susperrialdiaren ondoren indarrez gainezka dago natura orain. Lan handia ematen al du baratzeak urtaro honetan?

Ba, bai… Zalantzarik gabe urte-sasoirik oparoena da uda; natura indar betean dago eta barietate zein kopuru handiko uztak kudeatu behar izaten ditugu garai honetan. Salmenta onak behar ditugu ekoizpen horri guztiari irtenbidea emateko, eta, lan horretan, barietate askotako barazkiez osatutako mostradore txukunak asko laguntzen du.

Teknologia berrietara ederki moldatu zara: Whatsapp bidez salgai dituzun barazkien bideo-promozioa egiten duzu egunero, besteak beste. Berrikuntza horiek tresna egokiak al dira bezeroekiko harreman zuzenari eusteko?      

Ba, hara: bezero bati esker hasi nintzen Whatsapp bidez barazkien promoa egiten. Ni ez naiz batere iaioa teknologia kontuetan eta ez nintzateke sekula nire kabuz pauso hori ematera ausartuko, baina bezero horrek, ideia proposatzeaz gain, bideoak filmatzen ere irakatsi zidan. Orain tresna hau oso gustura erabiltzen dut eta bezeroekin harreman zuzena izaten laguntzen dit. Haiek egunero ikus dezakete salgai ditudan barazkien irudia, eta horren arabera etortzen zaizkit postura. Beste batzuetan gogoko duten barazkia gordetzeko ere eskatzen didate. Ikaragarri pozik nago komunikazio-tresna honek ireki dizkidan ateekin.  

Zuk ekoiztutako barazkiak zuzenean saltzen dituzu. Baratzean ari zarela, pentsatzen al duzu norentzat izan daitekeen eskuetan duzun barazki hori?

Bai, bai… Gure bezeroentzat izango dela pentsatzen dugu, eta guk bezeroei begirune handia diegunez onenetik onenera biltzen saiatzen gara beti. Kontu handiz eta banan-banan aukeratzen ditugu gure produktuak eta gero ahal den txukunen eramaten ditugu azokara. Garaiz bildutako kalitatezko barazkia nahi du gure bezeroak, eta horixe eskaintzen saiatzen gara.

Bertatik bertara eta garaian garaiko produktuen eskaintza desberdina eta mugatua da urtean zehar. Garaiko produktuetara moldatzen dira zure bezeroak ala produktu zehatz bat erosten dute dagokion urtaroan?

Orokorrean asko estimatzen dute bertako eta garaiko produktua, eta horren aldeko apustua egiten dutela esango nuke; fideltasun handiko bezeroak ditugu ondorioz, eta ederki moldatzen dira urtaro bakoitzeko produktuetara. Kontuan izan, behin bertakoa jatera ohitzen zarenean, oso zaila dela gero garaikoa ez den barazki bat kontsumitzea. Beste era batera esanda: gure bezeroak moko fineko kontsumitzaileak dira, eta kalitatezko produktuen bila etortzen dira gugana. 

Udako zein barazki maite duzu gehien?

Magiaz beteriko urtaroa da uda; indar handiko sasoia. Eguzkiak energiaz betetzen gaitu gazte zein heldu, eta berdin gertatzen da baratzean ere: udako barazkiak energiaz, kolorez eta zaporez gainezka daude, eta horregatik guztiak ditut maite. Halere, barazki guztien artean izar dizdiratsuena tomatea da, zalantzarik gabe.

 

Udan, zer?

Tomatea, leka,kalabazina, berenjena, piperra, pepinoa... 

 

Amagoia Gurrutxaga: "Kalitatezko produktuak eskaintzeaz gain, kalitatezko tratua ere eskaintzen dute baserritarrek"

Amagoia Gurrutxaga Uranga. Kazetaria, Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen koordinatzailea

Zergatik kontsumitzen dituzu garaiko eta bertako produktuak?

Orokorrean Nire ustez, benetako galdera kontrakoa da, hau da, zergatik kontsumitzen den hainbeste garaikoa eta bertakoa ez den produktua, bertako jakien kalitatea eta gure kontsumo ohiturek gure osasunarentzat, tokiko ekonomiarentzat eta elikadura burujabetzarentzat duten garrantzia kontuan hartuta.

Elikadura-segurtasuna, ekonomia zirkularra eta zero kilometroko produktuen aldeko apustua ez dira txantxetako kontuak, eta herritar soilok ere badugu horretan eragiteko aukera. Auskalo non, auskalo zein produktu eta teknika erabiliz eta auskalo zein lan-baldintzetan ekoitzitako barazkiak erostera bultzatzen gaituzten garaiotan, segurtasun eta konfiantza iturri da zein baratzetako eta noren eskuek landutako jakiak erosten ari garen jakin ahal izatea.

Baserritarren alaba naiz, eta badakit zeinen zaila bilakatu den baserriko lanetik duin bizi ahal izatea. Politika publikoak makro-etxaldeen, saltoki handien eta bitartekarien alde diseinatzen dira gaur egun, eta lehen sektoreko ekoizle txikiak bereziki zaindu beharrekoak iruditzen zaizkit niri. Horretarako modu hobeagorik ez zait bururatzen, baserritar txikiari zuzenean erostea baino. Berak onura du, bere lanaren irabaziak zuzenean jasotzen dituelako, eta geu ere irabazle gertatzen gara, daudenik eta produkturik freskoenak eskuratzen ditugulako.

Urte guztian zehar erosten dituzu bertako produktuak?

Orokorrean Bai. Uda zein negu, udazken zein udaberri, astean pare bat aldiz joan ohi gara azokara, erosketak egitera. Azkenaldian, gainera, asko erraztu digute erosketa, azokako kutxatila zerbitzuaren bitartez.

Zer-nolako harremana duzu postuetako baserritarrekin? 

Gertukoa, zuzena, adeitsua. Hitz bakarrean esateko: gizalegekoa. Kalitatezko produktuak eskaintzeaz gain, kalitatezko tratua ere eskaintzen digute baserritarrek.

Zein da zuretzat udako barazki gogokoena?

Zaila zait bakarra aukeratzea. Baratzeko tomateak noiz hasiko zain egoten naiz, baina lekak, piperrak -Gernikakoak zein gindillak- eta potxak ere, esaterako, izugarri gustatzen zaizkit.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide