Badatoz estropadak. Eta haiekin batera apustuak. Nik ere, plaza honetan, apustu bat luzatuko dizuet, ez nolanahikoa, aldrebes samarra baita.
Estropadekin batera komunikabideetako kronikak ere etortzen dira, eta irrati-egunkarietan egiten diren elkarrizketetan honen antzeko azalpenak aditu edo irakurriko ditugu seguruenik: "Poparean ondo ibili gara" edo "hemos venido bien de popare". Popare hitza galiziarrek, kantabriarrek eta euskaldunek erabiltzen dute gaztelaniazko adierazpenetan, baina hitz hori ez dago gaztelaniazko hiztegian, ezta euskarazkoan ere; ez da existitzen (zuzentzaileak gorriz markatzen du idazten dudan bakoitzean).
Miren Azkarate eta Patxi Altuna irakasleek paratutako Euskal Morfologiaren Historia (Elkarlanean, 2001) liburuan "-rean" ablatiboa (nondik) aztertzen dute. Ablatibo zahar edo arkaiko bat da, nonbait, gaur egun erabiltzen ez dena, galdu baita. Haiek diotenez, nondik edo abiapuntua adierazten du "-rean" atzizki zaharrak. Lazarragak (1567) maiz erabiltzen du: zaldirean, eskurean, esaterako; hau da, zalditik, eskutik.
Ba, nago, eta hau da nire apustu aldrebesa, "poparean" forma gaurko euskaraz "popatik" esaten dugun bera dela. Baliteke erabilera hori hor fosilizatu, gorde, eta gainerako erabileretan desagertu izana, beste inon ez baitut aditu edo irakurri. Hori dela eta, egungo hiztunak uste du "poparean" esamoldea popare + an (non) dela, eta hortik gaztelaniara ere pasatu den "popare" hitza, konturatu gabe, berez, popa + rean (nondik, popatik) beharko lukeela.
Ez dakit apustu honekin asmatu ote dudan, eta sari ederra, zuen txaloak, lortuko ote dudan edo, aldiz, zeharo porrot egingo, eta ziaboga egin, eta portuaren bila joan beharko ote dudan, han, kaiaren babesean, ondo gordeta, negu osoa ematera.
Dena dela, oker banengo, eskertuko nuke irakurleren batek argibideren bat ematea, nire okerra zuzentzeko. Apustu bat egiten denean, kale egiteko arriskua izaten da, eta berandu da jada nire apustua Donostiako Alde Zaharreko Aralar tabernako arbeletik (edo arbelerean?) ezabatzeko.