Euskal Asteari hasiera emanez, Bertsolari Gazteen XLIX. Lizardi Sariko lehen kanporaketa jokatuko zuten atzo iluntzean Santa Klara komentuko aretoan. Saio estua bezain parekatua osatu zuten lehen hiru sailkatuek. Azkenean, Elixabet Etxandi izpurarra nagusitu zen 209,5 punturekin, finalerako txartela zuzenean lortuz. Edonola ere, puntu erdiko alde eskas baino ez zion atera bigarren izan zen Iker Ormazabal Tturko hernaniarrari; eta hirugarren postuan amaitu zuen Maddi Agirre gasteiztarra ere oso gertu izan zen, 207 punturekin.
Koska bat beherago geratu ziren kantuan aritu ziren gainerako bost bertsolariak: Beñat Astiz barañaindarrak eta Amets Aizpurua getariarrak 190na punturekin berdindu zuten, laugarren eta bosgarren postuan, hurrenez hurren; Uxue Alkorta zarauztarra seigarren izan zen, 189,5 punturekin; Malen Altzuart erratzuarra zazpigarren, 188 punturekin; eta, azkenik, Danel Herrarte aramaioarra sailkatu zen,179,5 punturekin.
Gaur, 22:00etan, bigarren kanporaketa izango dute jokoan ondorengo hauek: Irati Alcantarilla (Urruña), Irune Basagoiti (Ermua), Aimar Sorazu (Zarautz), Igauri Lopetegi (Irun), Eli Zaldua (Gasteiz), Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo), Joanes Azpillaga (Azpeitia) eta Oibar Olano (Asteasu).