Beste behin ere, Zarauzko Udaleko Ingurumen sailak Bertatik bertara eta garaian garaikoa kanpaina martxan du, kasu honetan udako kanpaina. Horren helburuak kontsumo jasangarriko ohiturak sustatzea eta bertako ekoizleak babestea dira.
Kanpaina lau fasetan banatu du udalak, urtaroen arabera, eta, orain, udako kanpainari dagokio tartea. Guztira, bost panel jarri dituzte udalerriko hainbat kokapenetan, sasoiko bost produkturen argazkiekin, kanpainaren leloarekin eta sustatu nahi diren kontzeptuekin: osasungarria, jasangarria eta tokiko ekoizpenarekin konprometitua. Gainera, fase bakoitzean, udalerriko nekazaritza ustiategietan egindako bideo bat ikusi ahal izango da Guka Telebistan, eta beste batzuk laburragoak izango dira sare sozialetan.
Inaxio Illarramendi Ingurumen zinegotziaren hitzetan, txanda honetan bidelagun izango dituzte Mari Mar Manterola eta Iñaki Olaizola Argoin Txiki baserriko nekazariak, eta Amaia Gurrutxaga Uranga, kazetaria eta merkatuko bezeroa. "Guretzat oso garrantzitsua da kontsumo jasangarria sustatzea, bertatik bertara eta garaian garaikoa kontsumitzea, bai ekoizleak eta bai kontsumitzaileak aktibatzeko eta, azken finean, lehen sektorea bultzatzeko. Herritarrak animatzen ditugu sasoiko eta tokiko produktuak kontsumitzera”, gehitu du.