Gaztetxeak, doinuen aterpe

Gotzon Hermosilla ('Berria' egunkaria) 2025eko abuztuaren 31

Sofa eta Jikuri taldeen kontzertua Hiruputzun. (Arraio Irratia)

Kultur jarduera asko egiten dira gaztetxeetan, baina, dudarik gabe, musika eskaintza izaten da oparoena. Zenbait hamarkadatan, gaztetxeek ekarpen handia egin dute musika giroa suspertzen eta sustatzen. Zaratazarautz kolektiboa horren adibide da. Berria egunkariak argitaratu du erreportajea.

Zaila da agertokirik gabeko gaztetxe bat irudikatzea. Are gehiago: garai hura ezagutu zutenek diotenez, 1980ko hamarkadan kontzertuetarako aretoa non jarri izaten zen erabaki beharreko lehenengo gauza eraikina okupatu ostean. Gaztetxeetan mota guztietako ekintzak antolatu dira: irakurle taldeak, bertso eskolak, ikastaroak, jardunaldiak... Eta bada gimnasioa eta rokodromoa duen gaztetxerik ere. Baina azken berrogei urteetan gaztetxeak musika emanaldiei lotuta egon dira ezinbestean.

Rock-and-rolla du zaletasun nagusi Iker Barandiaran kazetariak (Arrasate, Gipuzkoa, 1972), eta Arrasateko gaztetxeak eman dio zaletasun hori garatzeko aukera. Lehenengo gaztetxean (1987-1989) «ikusle soila» izan zen, baina bigarrenean, (1991-2003) eraikinaren okupazioan parte hartu zuen, eta «ia kasualitatez» hasi zen han kontzertuak antolatzen.

Arrasateko hirugarren gaztetxea 2003an ireki zuten, eta gaur arte iraun du. Han, Barandiaranek eta beste zenbait lagunek, Kooltur Ekintza izenpean, emanaldi sorta zabala antolatzen dute 2010etik: Kooltur Ostegunak. Programazioaren izenak iradokitzen duen moduan, ostegunetan egiten dituzte kontzertuak, urritik maiatzera, eta emanaldi guztiek antzeko ezaugarriak dituzte: talde bakarrak jotzen du, sarreraren prezioa finkoa izaten da —bost euro lehen, eta zazpi euro pandemiaz geroztik—, eta bildutako diru guztia taldearentzat izaten da. Irabazi-asmorik gabeko jarduera da, zaletasun hutsez egina, eta antolatzaileek ez dute diru etekinik ateratzen. Udaren ostean hamaseigarren denboraldiari ekingo diote.

Barandiaranek ez du zalantzarik: «Luzaroan, gaztetxeek funtzio itzela izan dute musika giroa suspertzeari dagokionez. Bertako taldeei jotzeko aukera eman diete, eta jendeari, berriz, talde asko eta asko ikustekoa».

Zaratazarautz kolektiboa ere musikazaletasunaren inguruan ardaztutako lagun talde bat da, Zarauzkoa (Gipuzkoa). Arraio Irratian egiten duten izen bereko irratsaioa da haien jardueraren alderik ezagunena, punka, hardcorea, crusta eta, oro har, «doinu zaratatsuak» oinarri dituena; datorren denboraldian hogei urte beteko du Zarauzko irrati librearen uhinetan. Baina, horrez gain, irratsaioa egiten duten lau lagunek eta beste zenbait kidek kontzertuak antolatzen dituzte, horiek ere Zaratazarautz izenpean, ildo horretako hemengo eta nazioarteko taldeekin. Lehen, Zarauzko Putzuzulo gaztetxean egiten zituzten emanaldiak, eta, hura eraitsi zutenetik, Hiruputzu gaztetxe berrian.

Haiek ere argi dute gaztetxeek ekarpen handia egin dutela musikaren arloan: «Urte askoan ikusi da gaztetxeak oso garrantzitsuak direla. Zoritxarrez, talde batzuk horretaz baliatu dira, eta gaztetxeak erabili dituzte gora egiteko bide gisa, baina, gu mugitzen garen giro honetan, gaztetxeen eta gune okupatuen rolak berebiziko garrantzia du. Batez ere, autogestioan oinarritutako giroetan, guk jorratzen dugun hardcore punk estiloan ez ezik, musika elektronikoan, hip-hop-ean eta beste estilo batzuetan ere bai».

Erreportajea osorik irakur daiteke Berria egunkariaren atari digitalean.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide