Landare-zorriak ezabatzeko tratamendua apilkatzen ari zaie Zuberoa kaleko tulipa-arbolei

Aritz Mutiozabal 2025eko abuztuaren 28a

Tratamendua aplikatzen Krabelinsoroko zuhaitzei. (Zarauzko Udala)

Zarauzko Udaleko Lorezaintza zerbitzuaren bitartez, aparteko endoterapia tratamendua gauzatzen ari da egunotan egoerari aurre egiteko.

Zuberoa kaleko tulipa-arbolak zaintzeko endoterapia tratamendua aurrera eramaten ari da egunotan Zarauzko Udaleko Lorezaintza zerbitzua. Urtean bitan gauzatzen dute prozesua, eta landare-zorriak ezabatzea du helburu nagusia. Izan ere, landare-zorriek zuhaitz hauen izerdia xurgatzen dute, melaza sortuz; eta zuku azukretsu horretan garatzen den onddo beltzak kaleko lurra zein hiri-altzariak zikintzen ditu.

Datorren urtera begira, gainera, endoterapia tratamendua dataz aurreratzeko erabakia hartu dutela jakinarazi du Iban San Martin lorezaintza zerbitzuaren zinegotzi arduradunak. "Udaberria iristerekin batera, hostoak agertu bezain laster gauzatuko da tratamendua, honen eraginkortasuna areagotzeko”.

Landare-zorrien arazoaz gain, tenperatura altuak ere arriskutsuak dira zuhaitz askoren osasunerako. Bi eragile horiek kontuan izanda, udalak landaketa berriak edota zuhaitzen ordezkapenak egin behar dituenean, espezie autoktonoak edota landare-zorriena bezalako izurriteei iraunkorragoak diren eta tenperatura altuak jasaten dituzten espezieak aukeratzen dituela azaldu du; besteak beste, kanforrondoak, astigarraren familiako zuhaitzak edo Ginkgoak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide