Zer duzu nahiago, irratia zuzenean entzutea ala podcast bat entzutea nahi duzunean?
Bertan lan egiten dudanez, nahiko ase nago irratiarekin. Neguan musika entzuten dut etxean, eta uda sasoian podcastak ditut gogoko.
Ahotsa da zure lanerako tresna. Zein metodo erabiltzen duzu ahotsa ukituta duzunean?
Lo egiten dut, eta ur asko edan. Oso gaizki nagoenean bakarrik erosten dut zerbait farmazian.
Zein esatariren ahotsa izatea gustatuko litzaizuke?
Ez daukat erreferentziazko inor, baina ahots sakonak eta lodiak ditut gustuko. Komentario arraroa izango da agian, baina erretzaileen ahotsak gustatzen zaizkit. Ni ez naiz erretzailea, eta ez nago prest erretzen hasteko; beraz, daukadan ahotsarekin konforme nago.
Batzuk deseroso sentitzen dira bere ahotsa irratian edota telebistan entzutean. Ohitzen al da bat horretara?
Niri gustatzen zait nire ahotsa entzutea, akatsak zuzentzen joateko. Halere, esan beharra daukat nire ahotsa irratian entzutera ohitu banaiz ere, oraindik ez ditudala gustuko Whatsappez bidaltzen ditudan audioak.
Irratian musika jartzen duzuen une horietan, zer egiten duzue esatariok?
Gauza asko egiten ditugu: esaterako, asko hitz egiten dugu, komunera joateko aprobetxatzen dugu, eta, noski, lasai egoteko.
Inoiz gertatu al zaizu zuzenean sartu behar eta lekuz kanpo harrapatzea?
Behin 17:00etan sartzen ginen zuzenekora, eta kafe bat hartzen ari ginen, solasaldi betean murgilduta. Halako batean, lankideari galdetu nion ea zer ordu zen. 17:01 zirela erantzun zidan. Korrika batean hasi ginen biok Miramondik, eta estudiora iristean ohartu ginen ez zegoela inor gure aurretik; hau da, minutu bateko isilunea egon zen irratian.