Hilabete hasieran ekin zion Amenabar Zarautzek denboraldiaurreari, Mikel Agirrezabalaga Kapaxko entrenatzaile berriaren esanetara, eta aste honetan estreinako partidak jokatuko ditu herriko zaleen aurrean. Prestaketa gisa hartuko dute bi norgehiagoka izango dituzte Aritzbatalde kiroldegian, baina bi ildo oso ezberdinetako lehiak izango dira.
Ostiralean, 19:30ean hasita, lagunartekoa jokatuko dute Pau Billerie Handball B taldearen aurka, eta larunbatean, berriz, Euskal Kopako joaneko partida izango du Eibarren aurka, 17:30ean; itzulekoa, berriz, irailaren 6an, Eibarren, 12:00etan.
Astebete geroago ligan murgilduko da buru-belarri Zarauzko Eskubaloiko gizonezkoen lehen taldea; irailaren 13an hasiko da, Getxon (Bizkaia), baina Lehen Nazional Mailan. Prozesua ez da erabat amaitu, oraindik ez baitute jaso jarritako helegitearen ebazpenik, eta bitartean beheko mailan jokatuko du datorren denboraldian. "Burua altxatu, aurrera begiratu eta denboraldiari ilusioz heltzeko unea da", nabarmendu dute.