Egun berezia izan zen larunbatekoa Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruarentzat. Denboraldi itzela egin ostean, estropadaz estropada gero eta eskuragarriago izan duten ETE liga irabazi zuten. Bilbon jokatu zuten azken jardunaldia, Emakumeen Bilboko X. Ikurrina - Ane Aizpuruaren V. Oroimenezkoa, eta garaipenarekin borobiltzerik lortu ez bazuten ere, sailkapen orokorrean lehen postua berresteko nahikoa puntu eskuratu zituzten.
Erlojuaren aurkako estropada izan zen, eta lehia estu-estua jokatu zuten ETE ligako bi oilarrek: Zarautzek eta San Juanek, alegia. Ziabogan hobeto asmatu zuen San Juanek, eta gehiago kostatu zitzaion Zarautzi itzulia egitea; horrek aukera eman zion Pasaiako (Gipuzkoa) traineruari liderrarekiko zuen aldea handitzeko. Itzulerako luzean indarrak berreskuratu zituen Zarautzek, galdutako denbora zertxobait berreskuratuz, baina ehuneko eskas batzuen gorabeheran San Juanentzat izan zen bandera: 10:52,51ko denboran zeharkatu zuen helmuga, eta Zarautzek 10:52,76ko denboran egin zuen. Bi segundora heldu zen Kaiku, hirugarren postuan.
ETE ligako lehen bi sailkatuek, Zarautzek eta San Juanek, Euskotren ligara igotzeko play-off kanporaketa jokatuko dute orain. Haiekin batera, Galiziako emakumezkoen ligako lehen bi ontzi sailkatuak lehiatuko dira, Chapela eta Tiran, eta Euskotren ligan azken bigarren bukatu duen Donostiarra; Hondarribia izan da azkena eta zuzenean ETE ligara jaitsi da. Kanporaketak irailaren 20an eta 21ean jokatuko dituzte –Bermeon eta Portugaleten, hurrenez hurren–, eta bi jardunaldietako bi ontzi onenak mailaz igoko dira.