Marka bat sortu eta kaleratzea ez da lan makala, ezta egun batetik bestera egiteko moduko zerbait ere. Lanordu eta sakrifizio ugari eskatzen du, eta bidean "non demontre sartu naiz" edo "amore emango dut" izena duten malko bat edo beste isurtzeko gogoa sentitu daiteke. Sentimendu hori ondo baino hobeto ulertzen du Marta Arribas diseinatzaile zarauztarrak; bainujantzi propioak egin eta saltzeko nahia zuen aspalditik, eta ideia hori egia bihurtu zuen duela urte batzuk.
Buruari nahi baino buelta gehiago eman ostean, 2020an murgildu zen abentura berri honetan. Ziurgabetasunez betetako unea izan zela gogoratu du Arribasek; izan ere, COVID-19aren izurritearen garaia zen, eta mundua hankaz gora zegoen. Beldurrak atzean utzita eta bere ametsari jarraiki, Zarautzen denda txiki bat irekitzeko pausoa eman zuen urte horretan, eta bere diseinuak jendaurrean jarri zituen lehen aldiz. Uda sasoi horretan, hiru hilabetez zabaldu zuen denda, eta proiektuak harrera ona izan zuen zarauztarren zein bisitarien artean. "Urte hau ondo joan bada, datorrena are hobeagoa izango da", pentsatu zuen diseinatzaileak bere baitan.
Ez zebilen oker diseinatzailea; izan ere, bost urte igaro dira ordutik, eta bere salmenten gorakada ikusita, denda handiago batera lekualdatu da orain. Gizonentzako zein emakumeentzako bainujantziak egiten ditu, eta koloretsuak eta estanpatu deigarridunak izateagatik dira ezagunak.
Bartzelonatik igarota
Sortzailea izan da betidanik Arribas, eta olioan margotzea, esaterako, umea zenetik du gustuko. Gurasoen babesarekin, Bartzelonara joan zen Moda Diseinua ikastera. Bertan, patroigintzan espezializatu zen, eta hasiera bateko asmoa zen ezkongaien eta gonbidatuen arropak egitea. Aitzitik, aitortu du segituan ohartu zela hori ez zela bere lekua: "Mundu horrek ez zidan uzten nire sormena plazaratzen, eta beste zerbait egin nahi nuela sentitu nuen". Thailandiako bidaia batean argitu zitzaizkion ideiak: "Egun osoa bainujantzietan igarotzen genuen, eta Zarauzkoa izanik, pentsatu nuen: Zergatik ez bainujantzien marka bat?"
Jasangarritasunari garrantzi berezia ematen dio, eta aitortu du "paraje naturalek asko inspiratzen" dutela.
Motzean:
- Adina: 30 urte.
- Ikasketak: Moda Diseinua.
- Lanbidea: bainujantzien diseinatzailea.
- Irakaslea ez banintz… margolaria izango nintzateke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut… hondartzara joatea, bainu bat hartzea eta margotzea.