Zarautzena da ETE liga

Intza Trula 2025eko abuztuaren 23a

ZAEko emakumezkoen traineruko patroia, ligako bandera astintzen, gaur, Bilbon. (ZAE)

Ez dute denboraldiko azken estropada irabaztea lortu Bilbon, baina bigarren postuak liga irabazteko adina puntu eman dizkio Zarauzko emakumezkoen traineruari. Gizonezkoek laugarren amaitu dute beraien estropadan, lanak txukun eginda.

Egun berezia da gaur Zarautz Arraun Elkarteko emakumezkoen traineruarentzat, izugarrizko denboraldia egin ostean, helburua bete baitute: ETE liga irabaztea. Bilbon jokatu dute denboraldiko azken estropada gaur arratsaldean, Emakumeen Bilboko X. Ikurrina - Ane Aizpuruaren V. Oroimena. Bertan denborarik onena egitea lortu ez badute ere, sailkapen orokorrean lehen postua irabazteko nahikoa puntu eskuratu dituzte neskek.

Erlojuaren aurkako estropada izan da gaurkoa, eta lehia estu-estua izan dute ETE ligako lehen bi sailkatuek: Zarautzek eta San Juanek, alegia. Ziabogan hobeto asmatu du San Juanek, eta gehiago kostatu zaio Zarautzi itzulia egitea; horrek aukera eman dio Pasaiako traineruari liderrarekiko zuen aldea handitzeko.

Ordea, ziabogaren ondorengo luzean indarrak berreskuratu ditu Zarautzek, galdutako denbora zertxobait berreskuratuz. Hala eta guztiz ere, San Juanentzat izan da gaurko estropadako bandera: 10:52,51ko denboran zeharkatu du helmuga, eta Zarautzek 10:52,76ko denboran egin du. Bi segundora heldu da Kaiku, eta berarentzat izan da hirugarren postua.

Aitzitik, gaurko garaipena ez da nahikoa izan San Juanentzat liga irabazteko. Bigarren sailkatu izanagatik, 126 punturekin amaitu du denboraldia Zarautzek, eta 125 punturekin egin du Pasaiako traineruak. Hirugarrena da Kaiku, 103 punturekin. Sailkapen osoa ikus daiteke ondorengo lotura honetan.

Gizonezkoek laugarren

Nesken ondoren, 16:40 aldera ekin diete KAE1 ligako traineruek beraien estropadari. Lan txukuna egin dute ZAEko gizonezkoek, eta laugarren helmugaratzea lortu dute, 20:36,32ko denbora eginda.

Sorpresa izan da XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina estropadan: izan ere, Zumaiak denboraldiko lehen garaipena eskuratu du, estropada ikusgarri bat egin ostean. Lehenengo ziabogan lehen txandako irabazlea izan den Camargori 29 segundoko aldea atera dio, esaterako.

Erritmo bizi horri eutsi dio Zumaiako traineruak amaierara arte, denboran atzetik zuen Itsasoko Ama traineruari ahalik eta tarte handiena atera nahian. Azkenean, Zumaiak 20:14,92ko denboran amaitu ditu lanak; Itsasoko Amak, berriz, 20:25,70ko denboran zeharkatu du helmuga. Hirugarren sailkatu da Arkote, 20:36,06ko denboran.

Sailkapen orokorrean hirugarren postuan da Zarautz, 111 punturekin, eta Itsasoko Ama da liderra, 150 punturekin. Bigarren da, berriz, Arkote, 138 puntu bilduta. Lotura honetan ikus daiteke sailkapen osoa. Hain justu, bihar agurtuko dute denboraldia, Castron. LIII. Castroko Bandera izango dute jokoan, 16:00etan hasita. Azken hau beroagatik bertan behera utzi zuten duela astebete.

ZAEko neskak, gaur, Bilbon, ETE ligako garaipena ospatzen. (ZAE)

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide