Sold out-en garaian bizi garela entzun nion orain dela gutxi elkarrizketatu bati, beren ikuskizunerako sarrera guztiak agortu zirela komentatzen genuen bitartean. Baieztapen horrek zer pentsatua eman zidan, arrazoirik ez baitzitzaion falta. Geroz eta talde gehiago dira makrokontzertuak antolatzen dituztenak, baita horiek izugarriak, galduezinak edota sorpresaz beteak direla azpimarratzen dutenak ere. FOMO sindromeaz gogoratu nintzen orduan. Ingelesez fear of missing out esan nahi duenak, zerbait galtzearen beldurrari egiten dio erreferentzia, eta gazteek pairatzen ei dute gehiago Andy Przybylski psikologoaren esanetan. Horren arrazoi nagusietako bat omen dira sare sozialak. Psikologo ingelesaren aburuz, plataforma horietan ikusten dugunarekin alderatzen dugu gure burua, eta ikusten dugun gauza berbera egiten ari ez bagara, gutxiagotasun konplexua jasaten dugu.
Fermin Muguruzaren kontzertuarekin gertatu zitzaidan niri antzeko zerbait. Inguruko jende asko joan zen bertara, hala nola nire bikotekidea, lankideren bat edo beste, eta gimnasioko kideetako batzuk, baina sare sozialetara sartu eta irudiak ikusi nituen arte ez nuen inbidiarik sentitu. Hori asetzeko, beraz, Kortatu eta Negu Gorriaken abestiak hasi nintzen entzuten, batzuk mitikoagok eta beste batzuk ezagutzen ez nituenak, Itxoiten tokatu zitzaidan arte. Entzuna nuen abesti hori behin baino gehiagotan, baina ez azkenengoan bezain adi. Kalkuluak ateratzen, Fermin Muguruzak abesti hori kaleratu zuenean jaio gabe nengoen, eta bera nire adin bueltan zebilen artean.
Hitzak aztertzean jabetu nintzen, ordea, 30 urte pasata ere adin buelta horretako pertsona baten kezkak eta hausnarketak ez direla gaur egungo baten oso bestelakoak –abestiak dio bizitza guztia itxaroten pasatzen dugula etorriko denaren zain–. Izan ere, ni adin buelta horretara iritsitakoan jabetu naiz gezurrezko istorio bat dela zoriontasuna etorkizunaren esku uztea. Gustura esango nioke txikitan amaren takoiak, ezpainetakoa eta laneko materiala hartu eta handia izatera jolasten zuen haurrari bizitza batzuetan takoi horiek bezain maldatsua dela. Hitz egingo nioke, zergatik ez, institutua amaitu berri duen nerabeari, bere burua mikrofonoa eskuan imajinatzen zuen horri, esateko dena ez dela kanpotik bezain polita, eta dir-dir egiten duen ilargiaren bestaldean iluntasuna ere badagoela.
Irungo musikariaren beste abesti batek atera ninduen, bat-batean, nire pentsamenduetatik: Bizitza zein laburra den. Laburregia iraganaren motxilak gehiegi pisatzeko, besteen sasi-zoriontasuna desiratzeko eta etorkizuneko kezkek gure bizitza lausotzeko. Handik pixkatera, beste kantu bat: "Horrelakoa da bizitza, egin zazu behar duzuna". Ba horixe.