Ametsa bete dezake bihar Zarautzek

Intza Trula 2025eko abuztuaren 22a

ZAEko nesken trainerua, pasa den asteko estropadan, Zarautzen. (Juan Luis Romatet)

ETE liga irabazi dezakete Zarautz Arraun Elkarteko neskek bihar, Bilbon. KAE1 ligako mutilek ere asteburuan jokatuko dituzte denboraldiko azken bi jardunaldiak, bihar eta etzi, Bilbon eta Castron, hurrenez hurren.

Egindako denboraldi bikaina borobildu nahi du Zarautz Arraun Elkarteko emakumeen traineruak. Bihar du hitzordu garrantzitsua, Bilbon, eta lanak txukun burutuz gero, beraientzat izango da ETE ligako bandera. Gizonezkoek ere asteburu honetan agurtuko dute denboraldia.

16:00etan hasita, Emakumeen Bilboko X. Ikurrina - Ane Aizpuruaren V. Oroimena jokatuko dute. Pasa den astean Zarautz Arraun Elkartearen V. Ikurrina irabazi ostean, ligako liderra da egun etxeko taldea, 118 punturekin. Bi puntu gutxiago ditu bigarren sailkatuak, San Juanek; beraz, Zarauzko neskek ezin dute hutsik egin bandera etxera ekarri nahi badute.

ZAEko gizonezkoei dagokienez, KAE1 ligan, hitzordu bikoitza izango dute asteburuan. Larunbatean, nesken moduan, Bilbon jokatuko dute estropada. XLVII. Villa de Bilbao Ikurrina eskuratzera aterako dira, 16:40ean. Igandean, berriz, LIII. Castroko Bandera jokatuko dute, 16:00etan. Azken hau beroagatik bertan behera utzi zuten duela astebete. Zarautz sailkapen orokorrean hirugarren postuan da egun, 112 punturekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide