Bisitarien zein herritarren ikusmina piztu du herri kirol erakustaldiak

Intza Trula 2025eko abuztuaren 21a

Izeta eskolakoek udako azken-aurreko erakustaldia eskaini zuten atzo Lege Zaharren Enparantzan. Besteak beste, bertan izan ziren Ainitze Zumeta, Paulo Azpiazu, Maddi Salterain Urra II.a, Naroa Arruti eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a.

Euriak ez zituen atzera bota Izeta eskolakoak, eta hutsik egin gabe, aurrera jarraitu zuten asteazkenero egin ohi duten herri kirol erakustaldiarekin. Atzo arratsaldean izan zen uda denboraldiko azken-aurreko hitzordua, Lege Zaharren Enparantzan, eta eguraldia kaskarra izanagatik ere, herritar zein bisitari mordoa bildu zen plazan.

Txandaka aritu ziren Izeta eskolako zenbait kide plazaren erdialdean: esaterako, Ainitze Zumetak, Paulo Azpiazuk, Maddi Salterain Urra II.ak, Naroa Arrutik eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.ak eskaini zuten ikuskizuna. Besteak beste, harri jasotzen, ingudearekin, aizkoran eta trontzan aritu ziren aipatutako kirolariak.

Hori horrela, datorren asteazkenean, hilaren 27an, agurtuko dute Izeta eskolakoek uda denboraldia. Ohikoa denez, 19:30ean izango da erakustaldia, Lege Zaharren Enparantzan.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide