Tenperatura aldetik ez zen bezperako berorik izan, baina berotasuna nagusi izan zen atzo ere Zarauzko Malekoian. Nøgen eta Sorayaren ondoren, atzokoan Süneren txanda izan zen Zarauzko Aste Nagusiko egitarauaren barruan Malekoian antolatutako kontzertuetan. Huntza taldeko abeslari ohia, duela urte batzuk Süne proiektua jarri zuen martxan, trikitixa, elektronika eta pop doinuak uztartuz. Zarautzen aurkeztu du bart proposamena, eta harrera beroa izan zuen. Bertaratu zirenek izan zuten dantza egiteko aukera.
Aste Nagusiari gaur emango diote amaiera Zarautzen. Ohi bezala, buruhandi eta erraldoiek kalejira egingo dute herriko kaleetan zehar, 19:00etan hasita. Ordu erdi beranduago, 19:30ean, Etxebarria aita-semeen erromeria hasiko da Musika plazan, eta gauez, 22:00etan hasita, Puro Relajo talde nafarraren kontzertua izango da Malekoian.