Argazkigintzako nazioarteko eguna da abuztuaren 19a, eta ohikoa duen bezala, Zarauzko Photomuseumek bat egingo du egun horrekin, data horretarako prestatutako egitarauarekin. Egunean zehar, Photomuseumerako sarrera doan izango da. Hala, bertan gordetzen dituzten kamera eta argazkigintzako tresneria eta irudiak ikusteko aukera paregabea eskainiko dute.
Eguerdi partean egingo dituzte ekitaldiak. Goizeko 11:30ean, aurreskua dantzatuko dute, eta ondoen lore eskaintza egingo dute Daguerreri eskainitako monumentuaren aurrean. Jarraian, bertso batzuk abestuko dituzte, eta prestatutako egitarauarekin jarraituz, proiekzio bat izango da. Aurtengoari dagokionez, Argazkiko emakumea izeneko dokumentala emango dute.
Dokumentalak Andaluzian (Espainia) argazkigintzan aitzindari izan diren emakumeak ahanzturatik atera nahi ditu. Ibilbideak XIX. mende hasierako historiako lehen argazkitik gaur egunera arte hartzen du, bereziki emakume argazkilarien izen handietan sakonduz. Profesional handi eta ausartak, hala nola Madama Fritz, Andaluziako lehen dagerrotipista; Madama Lorichon, Malagan estudio propioa izan zuen lehen emakume argazkilari andaluziarra; Amalia Lopez, Jaenen aritutako argazkilari ospetsua; María Señan, Kordobako lehen estudio turistikoaren jabea; Sabina Muchart, bere garaiko Malagan ekintza-argazkilaria, edota Cabrako Elvira Ruiz, 1930eko Gran Premio Kodak argazkilaritza-saria irabazi zuen argazkilaria.