Harrera egin diete Zarauzko arraunlariei, Camargoko bandera irabazi eta gero

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 11

Zarautz Arraun Elkarteko emakumeek Camargoko (Espainia) bandera irabazi zuten larunbatean, eta bigarren izan ziren atzo Donostian. Arratsalde partean harrera egin zieten herrian bertan.

Lehia bizian jarraitzen dute Zarauzko eta San Juango ontziek ETE ligan. Sailkapenean, liga amaitzeko hiru estropadaren faltan, Zarautz da sailkapenean lehena, 109 punturekin, eta bigarren da San Juan 108rekin. Bien artean erabakiko dute zer traineru igoko den zuzenean Euskotren ligara, eta bietako nork jokatu beharko duen igoerako play offa. 

Une hori heldu bitartean, nor baino nor dabiltza biak ere. Hala, Zarauzko Enbata izan zen irabazlea larunbatean Kantabriako Camargon (Espainia) jokatu zuten estropadan; igandean, berriz, pasaitarrak nagusitu ziren Donostiako uretan. 

Zarauzko arraunlariek larunbatean irabazitako bandera astintzeko eta herritarrei eskaintzeko aukera izan zuten atzo arratsaldez. Udaletxean harrera egin eta gero, hango balkoira atera ziren banderarekin. Festak Musika plazan jarraitu zuen. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide