Atzo estropada bikaina egin zuten Enbatako emakumeek Camargon (Espainia), eta bandera eskuratu zuten, San Juani lau segundoko errenta aterata. Gaur, ordea, San Juan gehiago izan da Donostian jokatu duten Aste Nagusiko banderaren lehian, eta hamar segundoko alderarekin, nagusitasunez irabazi dute estropada pasaitarrek. 10:18,23 denbora egin dute horiek, eta 10:30,14, Zarautzek. Kaiku izan da hirugarren, 10:34,42 denborarekin.
Gaurko emaitza gorabehera, Zarautzek lidertzari eusten dio sailkapen orokorrean, 109 punturekin. San Juan du atzetik, 108rekin, eta Kaiku dute ondoren, nahiko urrun, 90 punturekin.
Hiru estropada bakarrik falta dituzte liga amaitzeko: hurrengo larunbatean Castron (Espainia) lehiatuko dira, igandean Zarautzen bertan, eta hilaren 23an, azkenik, Getarian. Orain arte lan eginez gero, Euskotrenera igotzeko txartela Enbatarena izan daiteke.
Atzoko garaipena dela eta, gaur harrera egingo diete, udaletxe aurrean, 19:30ean hasita.