Zarautz Kirol Elkarteak (ZKE) zenbait aurrerapauso eman ditu hastear den denboraldira begira, kirol eskolen eremuan. "Bi alderdi garrantzitsu bateratzea erabaki da. Batetik, adin hauetan kirol bakoitzak egun desberdinetan eskainiko ditu adin horietara bideratutako saioak. Bestetik, alderdi ekonomikoari dagokionez, bigarren edo hirugarren kirol eskola batean izena ematea nabarmen merkeagoa izango da".
Kirol elkartearen ustez koordinazio hori "oso lagungarria" izango da familien agenda antolatzeko orduan, eta kuotetako beherapenek ere kirol eskoletako partaidetza kirolanitza izan dadin lagunduko du. Entrenamenduak koordinatzeaz gain, asteburuetako topaketen koordinazioan ere ahalegin berezia egingo du aurten ZKEk.
Izena emateko epea abuztuaren 18an, gaur zortzi, irekiko da, eta kirol saioak iraileko azken astean hasiko dira. Kirol instalazio eskasia ikusita, kirol eskoletako tokia mugatua dela gogorarazi du kirol elkarteak.
Egunak eta prezioak
Elkarteak antolaketa zehatzaren berri ere eman du: mutilak astelehenetan ariko dira futbolean, asteazkenetan eskubaloian, eta ostiraletan saskibaloian. Neskak, berriz, astelehenetan eskubaloian, astearteetan saskibaloian eta ostiraletan futbolean. Saio guztiak 18:00etan hasiko dira, ikastetxeetako eskola kirolarekin bateragarriak izan daitezen.
Kirol eskola bateko izen ematea 160 euro kostako da, bigarrena 100 euro, eta hirugarrengoan ere aritu nahi bada 60 euro balioko du. Aurtengo denboraldian ez dituzte arroparen kostua eta horren kudeaketa ereduak bateratuko, baina 2026/2027 denboraldiari dagokionez, horretan ere eragiteko asmoa du Zarautz Kirol Elkarteak.
Azkeni, ZKEk esan du pauso hauek "aurrenekoak" baino ez direla eta bide horretan jarraitzea dela bere asmoa: "Epe motzera ez da baztertzen kirol gehiagorekin akordioetara iristea, eta, 2026/2027 denboraldiari begira, ikastetxeekin eta aisialdi eta mendi elkarteekin hitz egiten hasteko asmoa dauka Zarautz Kirol Elkarteak, zarauztarren aisialdiko eta kiroletako eskaintza ahalik eta bateratuena eraikitzeko asmoz".