Estropadaz betetako asteburua Zarautz Arraun Elkarteko ontzientzat

Onintza Lete Arrieta 2025eko abuztuaren 9a

ZAEko emakumezkoen ontzia, aurten lehian. (Onintza Lete Arrieta)

Camargon (Espainia) lehiatuko dira gaur arratsaldean ETE eta KAE1 ligetako ontziak, eta bihar, berriz, Donostian, emakumezkoak. Bi ontziak sailkapenean goialdean dira, eta hemendik liga amaierara arte estropada guztiak izango dira garrantzitsuak ZAEko neska-mutilentzat.

Zarautz Arraun Elkarteko (ZAE) neska-mutilek hiru estropada jokatuko dituzte asteburu honetan. Aurreneko hitzordua gaur 16:00etan dute ETE ligako emakumezkoek, Camargon (Espainia). Toki berean lehiatuko dira KAE1 ligako gizonezkoak, 17:00etan. Bihar, etxetik gertuago, Donostian, lehiatuko dira emakumezkoak,  arratsalde partean, 17:30ean. Donostiako Aste Nagusiko bandera izango dute jokoan azken horiek. Gizonezkoek, berriz, atsedena izango dute bihar.

Ligak azken txanpan sartzear dira; ETE eta KAE ligak Bilbon amaituko dira hilaren 23an, eta asteburu honetakoak kontatuta, bost estropada gelditzen dira ETE ligan, eta lau, KAE1en –tartean, etxeko ikurrinak izango dituzte jokoan hurrengo astean–. ZAEko bi ontziak sailkapenen goialdean daude: emakumeak lider, 92 punturekin, baina San Juan puntu bakarrera dutela. Badirudi bien artean egongo direla jokoan banderak eta liga bera, hirugarren sailkatua Kaiku baita, 79 punturekin.

Gizonak, berriz, hirugarren dira, 100 punturekin. Arkote da bigarren 107 punturekin, eta ontzi horrekin izango dute lehia zarauztarrek datozen estropadetan. Itsasoko Ama da lider, 115 punturekin. 

Sailkapeneko puntuei erreparatuta, argi dago hemendik liga amaierara arteko estropada guztiak izango direla garrantzitsuak ZAEko neska-mutilentzat.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide