Hirugarrenez jarraian, Eskudero-Urruzolak jantzi dute Zaporra memorialeko txapela

Onintza Lete Arrieta 2025eko abuztuaren 8a

Lehia ezin estuagoa izan zen atzo Frontoi Txikin Patxi Zaporraren LIV. Oroimenezko pilota txapelketako final nagusian, eta azkenean, 22-20 gailendu ziren Eskudero-Urruzola Urbieta-Bereauren kontra. Ohi bezala, goraino bete zen frontoia, eta zaleen txalo eta oihurik ez zuten falta izan pilotariek. Kadeteetan Bidezabal-Olanok jantzi zuten txapela.

Ikuskizun aparta eskaini zuten atzo arratsaldean Patxi Zaporraren LIV. Oroimenezko pilota txapelketako finalera nahiz hirugarren eta laugarren postuen lehiara iritsi ziren hamabi pilotariek, eta final nagusia Jon Eskuderok eta Julen Urruzolak irabazi zuten. Andoaindarrek hirugarrenez jarraian lortu dute txapela Zarauzko Frontoi Txikin jokatzen den txapelketan.

Frontoia ikuslez bete zen hasieratik, eta hiru partida eskaini zituzten 18:30etik aurrera, eguraldi aparta lagun: aurrena, memorialeko hirugarren eta laugarren postuak erabakitzekoa jokatu zuten Carricart-Aranburu eta Bidezabal-Albeniz bikoteek. Lehia estu-estua izan zen, eta gorriak hasi baziren ere irabazten, partidak aurrera egin ahala urdinek buelta eman zioten markagailuari, eta 21-22 gailendu ziren. 20-21 jarri ziren urdinak aurretik, gero berdindu egin zuten 21-21, eta azkenean, Jokin Bidezabal zarauztarrak eta Manex Albeniz oriotarrak lortu zuten hirugarren postua.

Bigarren partida kadeteen finala izan zen. Aurten sortu dute kategoria hori txapelketaren barruan, eta 22-16 gailendu ziren Bidezabal-Olano Karrera-Artolaren aurka. Partida ederra eskaini zuten gazteek, eta zaleek gogotik egin zieten txalo laurei.

Hirugarren partidarako, hau da, final nagusirako, leporaino beteta zen frontoi ingurua, eta aurreko bi partidetan bezala, pilotariek ez zuten falta izan txalo eta oihurik. Eskudero-Urruzola eta Urbieta-Bereau bikoteek sekulako ikuskizuna eskaini zuten, hasieratik bukaerara lehia latza egon baitzen gorrien eta urdinen artean, eta zaleek gozatua hartu zuten, tanto bizi eta ederrak ikusteko aukera izan baitzuten. Gerriko gorria jantzita atera ziren iazko txapeldunak, Eskudero-Urruzola andoaindarrak, baina partidaren hasieran atzetik joan ziren markagailuan. Gero, buelta eman, eta partida erdian, 12-11 jarri ziren aurretik, nahiz eta amaierara arte borrokatu ziren urdinak, una batzuetan aurretik jarriz: 19-17, 19-20, 20-20, 21-20 eta 22-20 amaitu zen partida.  

Sari banaketaren aurretik, antolatzaileek atzo saldutako errifen zozketa egin zuten, eta baita saria banatu ere 4.207 zenbakiaren jabeari (argazkietan ikus daitekeenez). Sariak Aitor Urbieta pilota elkarteko kideak eta Inaxio Illarramendi Kirol zinegotziak banatu zituzten.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide