Igande arratsaldean jokatuko du Lierni Osak Gipuzkoako txapelketako Lau Arroa torneoaren finala Aian

Aiora Arriola 2025eko abuztuaren 9a

Lierni Osa, duela hiru urteko Lau Arroa txapelketan.

Emakumezkoen harri jasotze finala jokatzeaz gain, gizonezkoen binakako lehenengo mailako aizkora ere jokatuko da pilotalekuan.

Datorren igandean, abuztuaren 10ean, Gipuzkoako txapelketako Lau Arroa torneoaren finala jokatuko du Lierni Osak. Arratsaldeko 17:30etik aurrera, aizkolarien eta harri jasotzaileen Gipuzkoako txapelketa ikusteko aukera egongo da Aiako pilotalekuan.

Binakako lehenengo mailako aizkoran gizonezkoak jardungo dira, eta, guztira, sei partaide elkartuko dira, hiru bikote ezberdin osatuz: Mikel Larrañaga azpeitiarra eta Ugaitz Mugerza; Julen Alberdi azkoitiarra eta Jokin Urretabizkaia, eta, Eneko Otaño beizamarra eta Xabier Zaldua.

Harria jasotzen, berriz, emakumezkoak arituko dira, Lau Arroa torneoaren finala jokoan egonik. Lau pertsonek hartuko dute parte: Olaia Esnaola azpeitiarrak, Goizeder Abendibar, Lierni Osa zarauztarrak eta Ane Cestauek.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide