Estropada bana izan dute Zarautz Arraun Elkarteko traineruek, gizonek zein emakumeek, asteburu honetan. Emakumeek Ondarroan izan zuten ETE ligako estropada atzo, larunbatez, eta gizonek gaur Hondarribian KAE 1 ligakoa. Bietan ere maila ona erakutsi dute urdinek, baina ezin izan dute banderarik astindu.
Ondarroan jokatu zuten atzo ETE ligako estropada. Ondarroako 41. bandera izan zuten jokoan, eta ligako bederatzi ontziak hiru txandatan banatu zituzten, hiruna ontzi txanda bakoitzean. Zarauzko trainerua hirugarren txandan aritu zen San Juan eta Kaikurekin batera. Ziabogarako burua hartu zuen Pasaiako ontziak. Bi segundoko aldea izan ez bazen ere San Juan eta Zarautzen artean, pasaitarrak aldea mantentzeko gai izan ziren bueltako luzean, eta hiru segundoko aldearekin irabazi zuten bandera. Zarautz bigarren izan zen.
Sailkapenean lehia estua dute bi ontziek. Une honetan Zarautz dago lehen postuan, 92 punturekin, eta bigarren da San Juan 91 punturekin. Datorren asteburuan Camargon izango dute hitzordua.
Gizonak, hirugarren Hondarribian
Zarauzko gizonen ontziak Hondarribian izan du gaur estropada. KAE 1 ligarako puntuagarria zen Hondarribiko Arrantzaleen Kofradiako XIX. bandera izan dute jokoan, eta Santurtziko Itsasoko Amak akaso esperotakoa baino erraztasun handiagoarekin irabazi du estropada. Bigarren egin duen Arkoteri hamabi segundoko aldea atera dio, eta gaur hirugarren egin duen Zarautzi hemeretzikoa.
Jardunaldi honen ondoren, Zarauzko Enbatak hirugarren postuan jarraitzen du. Gaur gaurkoz 100 puntu ditu. Lider da Santurtzi, 115 punturekin, eta bigarren da Arkote 107rekin.
Emakumeen kasuan bezala, gizonek ere Camargon (Espainia) izango dute hurrengo hitzordua, datorren asteburuan.