Ostiralean abiatutako Jai Alai Zarautz erremonte txapelketari gaur emango diote amaiera. Ostiralean eta atzo, larunbatez, jokatu zituzten txapelketako finalerdiak, eta gaur, 18:30ean hasita, jokatuko dituzte finalak, Aritzbatalde frontoian. Sarrerak pilotalekuko leihatilan izango dira salgai, 5 euroan.
Atzo arratsaldez jokatu zuten txapelketako finalerdietako bigarren jardunaldia. Lehen partidan, B multzoari zegokionean, Susperregi eta Martirena izan ziren irabazleak, Gurrutxaga eta Apezetxeari bi jokotan irabazi eta gero (15-13, 15-13). Ia akatsik gabe partida izan zen bi bikoteek eskainitakoa. Berdintasun handiko partidan, hamabina tantotara heldu ziren lehen jokoaren amaierara, eta hamahiruna bigarrengoan. Bi jokoetako azken tantoak, baina, Susperregi eta Martirenak egin zituzten, eta beraiek pasa ziren finala jokatzera. Azken partidan, Goikoetxea V.a eta Eskudero izango dituzte aurkari.
A multzoko finalerdia oraindik eta berdinduagoa izan zen, eta berdinketa hausteko joko laburra jokatu behar izan zuten. Aldabe-Azpiroz eta Ansa II.a eta Juanenea neurtu ziren arratsari amaiera eman zion partidan. Partida ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten pilotalekura hurreratu ziren zaletuek. Lehen jokoan hobeto moldatu ziren bikote gisa Aldabe eta Azpiroz, eta 15 eta 11 emaitarekin irabazi zuten. Bigarrengoan Juanenea atzelariak ikuskizuna eskaini zuen, zortzi tanto eginez, eta 13-15 emaitzarekin jokoa irabazita, banako berdinketa jarri zuten Ansa II.ak eta Juaneneak. Berdinketa hausteko zortzi tantotarako jokoa jokatu zuten, eta Aldabek eta Azpirozek 8-5 emaitza lortu zuten, era horretan finalerako txartela eskuratuz. Gaurko finalean Ezkurra II.a eta Larrañaga izango dituzte aurkari.