Jokatu dute erremonte txapelketako lehen jardunaldia, Aritzbatalden

Juan Luis Romatet 2025eko abuztuaren 2a

Asteartean egindako aurkezpeneko irudia. (Maialen Andres)

Jai Alai Zarautz erremonte txapelketako lehen jardunaldia jokatu zuten atzo arratsaldez Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. A eta B multzotako lehen finalerdiak izan ziren jokoan. Gaur arratsaldez jokatuko dute bigarren jardunaldia. 

Abian da dagoeneko Jai Alai Zarautz erremonte txapelketa. Atzo arratsaldez jokatu zituzten Zarauzko Aritzbatalde frontoian aurtengo aldiko lehen finalerdiak. Giro polita bizi izan zen frontoiko harmailetan, eta pilota modalitate horretako ikuskizun ederraz gozatu ahal izan zuten. 

B multzoko partidak eman zion hasiera arratsaldeari. Goikoetxea V.a-Eskudero eta Segurola-Goikoetxea VI.a bikoteak neurtu ziren. Lehenek nagusitasun handia erakutsi zuten, eta espero baino errazago lortu zuten igandeko finalerako txartela. Bi jokotan gailendu ziren. 15-3 emaitza izan zuen lehenak, eta 15-6 bigarrenak.

Jardunaldiko bigarren partidan, A multzoko lehen finalerdian, Ezkurra II.a eta Larrañaga Jabalera eta Barrenetxea IV.aren aurka aritu ziren. Partida honetan berdintasun handiagoa izan zen, eta tanto ederrak ikusteko aukera izan zen. Partida 2 joko eta 0 emaitzarekin bukatu zen Ezkurra II.a eta Larrañagaren alde (15-10, 15-14).

Gaur arratsaldez jokatuko dute Aritzbatalden txapelketako bigarren jardunaldia, 18:30ean. Lehen partidan Susperregi-Martirena eta Gurrutxaga-Apezetxea bikoteak neurtuko dira; bigarrengoan Ansa II.a-Juanenea eta Aldabe-Azpiroz bikoteak.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide