Donostiako Klasikoa Zarauztik pasako da bihar

Ekaitz Etxabe 2025eko abuztuaren 1a

Duela bi urteko Donostiako Klasikoa. (Guka)

Eskualdeko herri desberdinetatik igaroko da Donostiako Klasikoa bihar, tartean, Zarauztik. Nafarroa kalea moztuta egongo da lasterketaren ondorioz.

Bihar jokatuko dute Donostiako Klasikoa txirrindularitza proba. 211,4 kilometroko ibilbidea egin beharko dute txirrindulariek. Lasterketa Donostian hasi eta amaituko da, baina probaren lehen zatian eskualdeko lurrak zeharkatuko dituzte: Aia, Orio, Zarautz, Getaria, Zumaia, Zestoa eta Azpeitia. Azpeititik Tolosaldera joango dira txirrindulariak, Urola Kosta atzean utziz.

Lasterketak, eskualdeko trafikoan eragina izango du, eta hainbat errepide itxita egongo dira lasterketan zehar, tartean, Nafarroa kalea. Lasterketako 46 kilometro igarota dituztela sartuko dira txirrindulariak Zarautzera, Orio gainetik barrena. Zarautzera 12:34 eta 12:41 bitartean iristea aurreikusten da, beraz, Nafarroa kalea 30 minutu lehenagotik moztuta egongo da. Txirrindulariak igaro bezain laster irekiko da berriz ere errepidea. Zarautz atzean utzi eta kostako errepidetik barrena jarraituko du probak, Zumaia aldera.

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide