Bidezabal-Gurutzealde eta Escudero-Urruzola bikoteak Zaporra memorialaren finalerdietara

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 31

Erabakita geratu dira Zaporraren memorialeko finalerdiak zein izango diren. Datorren asteartean jokatuko dituzte partidak, 18:30ean hasita, Frontoi Txikin.

Jokatu dituzte Patxi Zaporraren LIV. Oroimenezko pilota txapelketako final-laurdenak. Atzo bi partida jokatu zituzten. Lehen partidan, pasa den urteko txapeldunek, Escudero-Urruzola, eta Juaristi-Juaristi bikoteek neurtu zituzten indarrak. Lehia estu baten ondoren, Escudero-Urruzola bikotearentzat izan zen garaipena, 22-21eko emaitzarekin. Beste final-laurdenean, Bidezabal-Gurutzealde bikotea nagusitu zen, Txiapuso-Aranguren bikotearen aurka, 22-14ko emaitzarekin.

Atzoko partiden emaitzekin, erabakita geratu da, beraz, datorren asteartean, abuztuaren 5ean, finalerdiak jokatuko dituzten bikoteak zein izango diren. Alde batetik, Elizalde-Bereau eta Carricart-Aranburu bikoteek jokatuko dute lehen finalerdia. Jarraian, Bidezabal-Gurutzealde eta Escudero-Urruzola bikoteen txanda izango da. Partidak 18:30ean hasiko dira, Frontoi Txikin. Finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, berriz, abuztuaren 7an jokatuko dira, ostegunez, Frontoi Txikin.

Ostiralean, berriz, gazteen txanda izango da. Lehen aldiz, Zaporraren Oroimenezko gazteen pilota txapelketa antolatu dute, eta ostiralean hasiko da. Finalerdiak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita. Lehen partidan Bidezabal-Olano eta Etxepare-Alvarez bikoteak ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Karrera-Artola eta Makatzaga-Oiartzabal bikoteek jokatuko dute bigarren finalerdia.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide