Atzo hasi zen Patxi Zaporraren LIV. Oroimenezko pilota txapelketa, Frontoi Txikin. Final-laurdenetako bi partida jokatu zituzten, eta lehia bizia izan zen bietan. Lehen final-laurdena Elizalde-Bereau bikoteak irabazi zuen, Barandiaran-Esnaola bikotearen aurka, 22-21eko emaitzarekin. Bigarren final-laurdenean Carricart-Aranburu bikotea nagusitu zen, Etxaniz-Lizeaga bikotearen aurka, emaitza berarekin. Beraz, Elizalde-Bereau eta Carricart-Aranburu bikoteak datorren asteko finalerdietan izango dira.
Gaur jokatuko dira beste bi final-laurdenak, 18:30ean hasita. Lehen partidan Escudero-Urruzola eta Juaristi-Juaristi bikoteak ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Bidezabal-Leonet eta Aranguren-Taberna bikoteek jokatuko dute bigarren partida. Atzoko bi bikote irabazleek eta gaurko bi bikote irabazleek txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte datorren asteartean, abuztuaren 5ean. Finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, berriz, abuztuaren 7an jokatuko dira, ostegunez, Frontoi Txikin.
Ostiralean, berriz, gazteen txanda izango da. Lehen aldiz, Zaporraren Oroimenezko gazteen pilota txapelketa antolatu dute, eta ostiralean hasiko da. Finalerdiak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita. Lehen partidan Bidezabal-Olano eta Etxepare-Alvarez bikoteak ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Karrera-Artola eta Makatzaga-Oiartzabal bikoteek jokatuko dute bigarren finalerdia.