Testu honek argia ikusterako amaituta izango ditut azterketak, hala uste dut edo espero dut behintzat. Badakit testuok noiz idazten ditudan, baina kaleratzen direnekoa beste kontu bat da. Oraintxe, mila fotokopia eta apunte zikinen artean itotzear nabil, ezin behar dudan orria aurkitu. Urtebete atzera begiratuz gero paisaia ez da horren desberdina, Filosofiaren Historia ordezkatu du Hizkuntzalaritza II-k, baina horretaz gain, ez da kontatzeko askorik. Munduaren amaiera zirudien USEk (Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioa), eta munduaren amaiera dirudi orain Hizkuntzalaritza II-k, baina USE gero ez zen horrenbesterako izan, eta ziurrenik Hizkuntzalaritza II ere ez da horrenbesterako izango. Horrenbesterako ez izan arren, ez nuke atzera egin nahiko eta Ibaetako campusean ekaina hasieran beste hiru egun igaro.
Badut lagun bat, ordea, aurten berriz USE egitera doana, zoritxarrez, joan den urtean ez baitzen sartu nahi zuen horretan. Badut beste bat, Granadaraino [Espainia] joan zena irailean, hemen gelditzeko ez zuelako nahikoa nota. Azterketa baten gorabeherak zenbat aldatu ditzakeen kontuak. Aldatzekotan, aurten USE ere aldatu dute, hasieran nire belaunaldikooi zegokigun hau, baina, noski, ezin duzu ekainean erabaki unibertsitaterako sarbide froga aldatuko duzula, eta irailerako eredu berria prest izan ikasle zein irakasleek jakin dezaten ikasturte amaieran zer-nolako erronka izango duten aurrean. Hala ere, ikasturtean zehar adar joka jardun zitzaizkigun eta hasieran behintzat, bazirudien guri aldaketa dezente egokituko zitzaizkigula, gero aldaketa horiek huskeria hutsa izaten amaitu zuten arren. Gure urtean ahotik ihesi zitzaien indarra USEren prestatzaileei, aurten badirudi ganorazko aldaketak egin dituztela, baina ikusteke dago oraindik.
Nolanahi ere, USE soilik aldatuta ez goaz inora. Hezkuntza sisteman arazo larriak daude errotuta, derrigorrezko hezkuntzan esaterako, azken urteetako PISA txostenen emaitzek erakutsi dute ikasleen mailak behera egin duela nabarmen. Aldatu beharrekoa USEko froga baino zerbait gehiago da, baina Hizkuntzalaritza II-k mahaiari lotuta nauka, eta ez dut orain hezkuntza sistema salbatzeko denborarik. Besterik gabe, USEra aurkeztu behar duen baten bat ari bada testu hau miatzen (oso ondo ez dakidan arren, testu honek USE baino lehen argia ikusiko ote duen), lasai, ez da horrenbesterako; munduaren amaiera dirudi, baina ez da. Sarbide froga errepika daiteke edo hasieran uste zenuena baino urrutiago joan zaitezke, munduak biraka jarraituko du, lasai.