Ugazi Manterola eskubaloi jokalari zarauztarrak Porriño talde galiziarrean jokatuko du datorren denboraldian. Guerreras Iberdrola Ligan lehiatzen du Galiziako taldeak, Espainiako gorengo mailan. Pasa den denboraldiko liga erregularrean laugarren postua lortu zuten galiziarrek, eta Europako Kopan azpitxapeldun geratu ziren. Taldea jokalari askok utzi dutela eta, Porriñok datorren denboraldiari begira egin dituen bederatzi fitxaketetako bat da Manterola.
Hegaleko zarauztarrak pasa den denboraldia Barakaldoko (Bizkaia) Zuazo taldean jokatu zuen, Espainiako gorengo ligan. Taldearen helburua mailari eustea bazen ere, ez zuten beraien xedea lortzerik izan. Hamasei partida jokatu ditu Manterolak pasa den denboraldian, eta bederatzi gol sartu ditu. Zuazon jokatu baina lehen, herriko Aiala Zarautz taldean aritu zen. Hogei urteko zarauztarrak Espainiako jubenil eta junior selekzioarekin jokatu izan du, eta Espainiako selekzio absolutuarekin ere debutatu zuen, duela hiru urte.