Bihar ekingo diote Patxi Zaporraren LIV. Oroimenezko pilota txapelketari. Bihar eta etzi helduen final-laurdenetako partidak jokatuko dituzte, 18:30ean hasita. Bi partida izango dira jardunaldi bakoitzean eta, ohi bezala, Frontoi Txikin jokatuko dira norgehiagoka guztiak.
Biharko lehen partidan, Barandiaran-Esnaola eta Elizalde-Bereau bikoteak ariko dira nor baino nor gehiago. Bigarren partidan, Etxaniz-Lizeaga eta Carricart-Aranburu bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Etzi, berriz, Escudero-Urruzola eta Juaristi-Juaristi bikoteak ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Bidezabal-Leonet eta Aranguren-Taberna bikoteek jokatuko dute bigarren partida.
Fase horretako lau bikote irabazleek txapelketako finalerdiak jokatuko dituzte datorren asteartean, abuztuaren 5ean. Finala eta hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida, berriz, abuztuaren 7an jokatuko dira, ostegunez, Frontoi Txikin.
Aurtengoan, gazteen txapelketa
Aurtengo txapelketak berezitasun bat du: gazteen txapelketa antolatu dute. Ostiralean hasiko da, eta finalerdiak jokatuko dituzte zuzenean. 18:30ean hasiko dira norgehiagokak, Frontoi Txikin. Lehen partidan Bidezabal-Olano eta Etxepare-Alvarez bikoteak ariko dira elkarren aurka. Jarraian, Karrera-Artola eta Makatzaga-Oiartzabal bikoteek jokatuko dute bigarren finalerdia.
Gazteen txapelketako finala helduenaren egun berean jokatuko da, abuztuaren 7an, 18:00etan. Honen ondoren jokatuko dira helduen hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida eta finala.