Haimar Zubeldia aurrena izan zen atzo, zapatua, Vielha Cycling Tour Val d’ Aran (Aran ibarra, Okzitania) txirrindularitza proban. 150,7 kilometro eta 3.739 desnibel positiboko bideari egin behar izan zioten parte hartzaileek, eta iaz bezala, Zubeldiak eskuratu zuen lasterketako maillot berezia. Txirrindularien martxa bat da izatez proba, baina egunean zehar txirrindulariek igaro behar izaten duten Portilhon mendatean denbora hartzen dute antolatzaileek, eta iaz bezala, atzo ere Zubeldiak eta Imanol Arizmendi azkoitiarrak egin zuten denbora onena.
Atzo ere iazko denboretan ibili ziren, gainera, bi txirrindulariak. Iaz, 05.06.57 denbora egin zuten haiek, eta aurten, 25 segundo gutxiago, 05.06.32 denbora. 2024an bezala, Arizmendirekin elkarbanatu zuen lehen postua Zubeldiak; hirugarren, berriz, Marc Romero sailkatu zen, aurreneko biek baino hamar minutu gehiago behar izan zituen-eta helmugara iristeko.
Imanol Arizmendi, probaren une batean. (Tour Val d'Aran)