Banderarik ez asteburu honetan Zarautzentzat

Intza Trula 2025eko uztailaren 27a

Zarautz, San Juan eta Kaiku gaurko estropadan. (EuskalkirolaTB)

Atzoko estropadan zortzigarren amaitu zuen gizonen traineruak, eta bigarren egin du gaur. Emakumeen traineruak, berriz, bigarren egin du gaur Santurtzin.

Asteburu honetan ez dute banderarik eskuratu Zarautz Gesalaga Okelaneko traineruek; hala eta guztiz ere, goiko postuei heltzen diete sailkapen orokorrean, eta puntu garrantzitsuak biltzen jarraitzen dute biek ala biek.

Hiru hitzordu zituzten ZAEko traineruek egunotan, bi KAE1 ligakoek eta bat ETE ligakoek, eta banderek ihes egin diete hiru estropadetan. Gizonezkoei dagokienez, Pedreñan lehiatu ziren atzo, XX. Marina de Cudeyo Gran Premio Gydasol banderan, eta trakets aritu diren. Hirugarren txandan jokatu zuten, eta azkenak helmugaratu ziren bertan. Estropadako sailkapenean, berriz, zortzigarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Itxasoko Ama izan zen txapelduna, estropada 20:49,97ko denboran osatuta.

Zertxobait hobeto aritu dira gaurko estropadan, Santurtzin. Santurtziko XLVI. Ikurrina irabaztera atera da Zarauzko taldea lehen unetik, eta ahaleginak egin ditu horretarako. Ordea, egindako lanak ez die estropadan nagusitzeko balio izan, eta bigarren zeharkatu dute helmuga, Arkote taldearengandik hiru segundora.

Emaitza horiekin, hirugarren postuari heltzen dio Zarautzek, 90 punturekin. Itxasoko Ama da liderra, eta bere atzetik da Arkote.

Bandera bost segundora

Emakumeei dagokienez, gaur goizean jokatu dute asteburuko estropada bakarra, eta banderak ihes egin die bertan. Santurtzin izan dira, eta Hospital San Juan de Dios Santurtzi bandera izan dute jokoan.

San Juanekin eta Kaikurekin uretaratu da Zarautz, ohorezko txandan. Tamalez, bost segundo atera dizkio San Juanek, eta bigarren postuan amaitu dute azkenean. Hala eta guztiz ere, sailkapen orokorrean liderra izaten jarraitzen dute etxeko neskek, 84 punturekin.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide