Hollywoodeko izar handietako bat da Evelyn Hugo, eta ez bereziki elkarrizketazalea. 79 urterekin, ordea, jadanik foku nagusietatik urrunduta, Monique Grant izeneko kazetari ezezagun gazte eta hasiberria aukeratu du bere egia kontatzeko. Inork ez daki zergatik aukeratu duen bera, baina hari kontatuko dizkio sekula beste inori kontatu ez dizkionak. Eta bien arteko solasaldi horretan azaleratzen direnak dira Taylor Jenkins Reiden Evelyn Hugoren zazpi senarrak eleberriaren muina. Bestseller bilakatu da lana, eta, 2017an argitaratu zutenetik, bost milioi ale baino gehiago saldu ditu mundu osoan, autorea ere ezagun bihurtzeraino. Orain euskaraz ere irakur daiteke lana, Ibai Sarasuak egin baitu itzulpen lana, Erein argitaletxearentzat.
«Erresilientzia istorio bat» dela nabarmendu du Inazio Mujika Iraola Erein argitaletxeko editoreak, eta «anbizioa, desioa eta galera» antzeman daitezkeela bertan. «Emakumearen erretratu humano bat agertzen da, eta, humanoa denez, kontraesanez betea dago. Erabakiak hartzen dituzten bi emakume agertzen dira liburuan, eta erabakiak hartu beharraz eta horiek ondo hartzeaz dihardu. Eta klixeetan erori gabe hitz egiten du amodioaz, identitate sexualaz, ospeaz eta ospearen arriskuez».
Liburuaren izenburuak dioen bezala, zazpi senar izan ditu protagonista nagusiak, baina, editorearen esanetan, liburua ez da «senarren desfile gatzgabe bat». Zinema izarra du protagonista, eta gaur egun berebiziko garrantzia daukaten zenbait gai jorratzen ditu autoreak haren bitartez. Besteak beste, boterea, botere harremanak, autoirudia eta erabakien garrantzia. Funtsean, «zer hausnartua» ematen duen liburu bat dela azpimarratu du Mujika Iraolak, «inor begira ez dugunean nolakoak garen» erakusten baitu.
Albistea osorik irakur daiteke Berria.eus egunkariaren atari digitalean.