An Alien in New York eta The Patchwork Girl dira Ibai Vigil-Escalera zinemagile zarauztarraren azken bi film laburrak. Bi lanek istorio pertsonal eta indartsuak jorratzen dituzte. Zinemagile zarauztarrak Jose Andre Sibaja kostarrikarrarekin batera zuzendu ditu bi filmak, eta uztailaren 29an aurkeztuko dituzte New Yorkeko Scandinavia House aretoan.
An Alien in New York filmak etorkin baten bizipenak kontatzen ditu. Protagonistak, bere seme-alabei etorkizun hobea eskaintzeko asmoz, desertua zeharkatzen du Ameriketako Estatu Batuetara iristeko. Inguru kontserbadore batean hazitakoa izanik, New Yorken bizimodu berria eta askatasunaren
forma berriak deskubrituko ditu, inoiz irudikatu ez zituenak.
The Patchwork Girl filmak, berriz, Nati Amosen istorioa kontatzen du. Osasun arazo bat dela eta, protagonistak 70 ebakuntza baina gehiago izan ditu, osasun sistemaren inolako babesik jaso ez duen herrialde batean. Gizartean lekua aurkitzea ere erronka bihurtu zaio, inoiz ez baitio babesik eskaini.
Ibai Vigil-Escalera gaur egun New Yorken bizi da. 2015. urtean, Oblivion Film ekoizpen etxea sortu zuen Jose Andre Sibajarekin batera. Biek sortu zuten Popsicle Studios izeneko grabazio estudioa ere, Bushwick auzoan, Brooklynen. Bertan, moda, musika eta sortzaile berrientzako ikus-entzunezkoak ekoizten dituzte.