Arraun denboraldia hasi zenetik bikain ari dira Zarautz Gesalaga Okelaneko traineruak, eta puntuak eskuratzen jarraitzeko zenbait hitzordu dituzte egunotan. KAE1 ligako arraunlariek bi estropada jokatuko dituzte, bata larunbatean eta bestea igandean, eta ETE ligan jardunaldi bakarra izango da asteburu honetan; igandean, hain zuzen.
Hori horrela, gizonezkoek XX. Marina de Cudeyo Gran Premio Gydasol bandera izango dute jokoan larunbatean Pedreñan. 18:00etan hasiko da estropada. Igandean, berriz, 12:05ean dute hitzordua, Santurtziko XLVI. Ikurrina.
Egun, sailkapen orokorrean hirugarren postuan dago gizonezkoen etxeko trainerua, 74 punturekin, eta puntu bakarrera du bigarrena, Arkote. Itsasoko Ama da liderra, 83 punturekin.
Neskek hitzordu bakarra
ETE ligari dagokionez, estropada bakarra jokatuko dute emakumezkoek, eta igandean izango da. 11:15ean hasiko da lehia, Santurtzin, eta Hospital San Juan de Dios Santurtzi bandera izango dute jokoan.
Etxekoek indartsu jarraitzen dute lehen postuan, 76 punturekin, eta atzetik ditu San Juan eta Kaiku.