Ez da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Antzinaroko jainkosa bat baizik, egunsentiaren errepresentazioa edo irudia. Literatura Unibertsaleko topos edo topiko baten protagonista izaten da. Maiz topa ditzakegu tankera honetako pasarteak garai hartako poema edo kontakizunetan: "Eos bere hatz arrosak hodeiertzetik zabaltzen hasi zenean...". Ondoren, Natura, batutaz lagunduta, sinfonia hotseztitsu bat zuzentzen hasiko zen: laudeten txio alaiek eta erresiñolen doinu gozoek bat egingo dute Eosek ekartzen duen argi-urratzearekin. Hara, EOS eta Eos bat datoz honetan, behintzat.
Goiztirian, ohean etzanda irakurtzen ari naizelarik, Eos jainkosa bere hatz arrosak nire ohe ertzera emeki gerturatzen hasten denean (lasai, ez naiz lizunkerietan hasiko), "goizian argi hastian...", nire bihotzeko asaldura laster doa airean, zeren bestelako sinfonia batek goiz alba urratzen baitu, ondo urratu ere, momentuko xarma eta baretasun bete-betean: dela kale garbigailuaren urruma tematsua, dela konpresore baten zurrunga edo kukurruku monotonoa; dela, gure kaleetan, eta kostan ere, urtaro guztietan maiz entzun daitekeen rotaflexa (Rotaflex rotaflex), rotaflex arrunta, goratik hasten kantan, bere irrintzi lazgarri eta lasaitu ezina aireratuta, harlauzak ez ezik, bihotzak ere erdiratzen dituena.
Ez dakit herri txikietako bizimodua nolakoa izango den, baina Zarautz bezalakoetan obrak izaten dira berezko ezaugarri edo osagaia. Ez naiz etxalde berrien eraikuntzaz ari, eguneroko obra arruntez baizik: estolderian zerbait konpontzeko lanak, zorua atontzekoak, etxe-belarrak edo fatxadak txukuntzekoak eta abar.
"Jendea bizitzeko etxe eta eraikin multzo egituratua" omen da herri terminoaren definizioa, baina nik "eta obretan etengabean aritzen dena" gehituko nuke. Zeren obra bat bukatu orduko, beste bat berehala hasi ohi baita inguruan. Egun ez du oilarrak egunsentiaren berri ematen, oraingo kukurrukuak bestelakoak izaten dira. Eta Eosek, Egunsentiak, hatzak hautsez eta igeltsuz beterik ekartzen ditu. Ez da batere poetikoa.