Nahia elkarteak uztaileko azoka egingo du bihar eta etzi

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 24a

Nahia elkartearen Ekaineko II. azoka. (Julene Sorarrain)

Bihar hasiko da Nahia elkartearen udako ohiko azoka. 10:30etik 20:30era bitartean egongo dira postuak zabalik, bihar eta etzi, malekoian.

Bihar eta etzi, Nahia Zarauzko Artisten Elkarteak antolatuta, uztaileko azoka egingo dute Zarauzko malekoian, Galtxagorri elkartearen ondoan. Postuak 10:30etik 20:30era bitartean egongo dira zabalik, bi egunetan. Bertako artista, sortzaile eta artisauen lana gertutik ezagutzeko aukera izango da malekoian.

28 sortzailek hartuko dute parte, eta bi egunetan hogei postu inguru egongo dira. Ehungintza, bitxigintza, pintura, ilustrazioa, kosmetika naturala eta beste hainbat diziplinetako sorkuntzak aurkitu ahal izango dira bertan.

Horrez gain, etxeko txikienentzako Amesgile ipuin kontalariaren saioak ere izango dira bi egunetan. Goizez, 11:00etan hasita eta, arratsaldez, berriz, 17:00etan hasita.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, azokan produkturen bat erosten dutenen artean Kirkilla jatetxean bi pertsonarentzako afari bat zozkatuko dute.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide