Alde Zaharrean hamabost apartamentu turistiko berri eraikitzeko obra eta jarduera lizentzia ematea onartu zuten aurreko astean Tokiko Gobernu Batzarrean, eta astearteko udalbatzarrean bere zeresana eman zuen. EH Bilduko kide Ion Arozenak jada udal taldearen desadostasuna erakutsi zuen osoko bilkurako hirugarren puntuan, Tokiko Gobernu Batzarraren Kontrolaren berri ematean; are gehiago, Zarautzen Bizi parte hartze prozesuaren balorazioan bestelako borondatea erakutsi ondoren.
Koalizio subiranistak, baina, bere postura irmoki erakutsi zuen eskari-galderen tartean, eta joan den apirilaren 29an onartutako mozioari jarraipena ematea eta bertan adostutako neurriak betetzea eskatu zion EAJri. EH Bilduk berak aurkeztu zuen mozioa, eta PSE-EEren babesarekin, ondorengoa onartu zuten: udalerrian apartamentu turistikoen araudia osatu bitartean, lokal komertzialetan halako erabilera berriak ez baimentzeko konpromisoa hartzea, hau da, baimen berrien moratoria ezartzea.
"Mozio hori udalbatza horretan gehiengoz onartu zen, eta uste osoa dugu erabaki horrek herriaren borondatea islatzen duela. Horregatik, uste dugu gobernu taldeak ezin diola muzin egin erabaki demokratikoari, eta udalbatzaren gehiengoaren hitza entzun eta errespetatu egin behar dela", nabarmendu zuen Arozenak.
Patxiku eta Herrikobarra kaleetako lokal komertzialetan apartamentu turistiko berri eraikitzeko lizentziak mozioaren ondoren eman direla ikusita, EH Bilduk zera eskatu zien: mozioan jasotakoa betetzea, eta etorkizuneko baimen berrien aurrean, neurri hori indarrean dagoela argi eta garbi adieraztea; apirileko udalbatzarraz geroztik emandako baimen guztiak bertan behera uztea, hamabost apartamentuena barne, mozioan aipatutako moratoriarekin bat ez datozelako; udal gehiengoaren erabakiari eta herriaren ahotsari zor zaion errespetua bermatzea, eta erabaki demokratikoak baliogabetzen dituen jokabiderik ez errepikatzea.
PSE-EEren udal taldeak ere ildo beretik jo zuen, joan den astean hedabideetara helarazitako oharrean bezala. Sozialisten bozeramaile Inaxio Illarramendik azaldu zuen lizentzia berriek talka egiten dutela apirileko mozioan onartut geroratzearekin, eta, horren aurrean, lizentzia berriei buruzko "eztabaida politiko serio bat" egitea planteatu zuen, "tokiko merkataritzan, turismo-ereduan eta auzo-bizikidetzan duen eragina zorrotz aztertzeko".
"Lanketatik ondorioak"
Zarauzko Udaleko Hirigintza zinegotzi Garbiñe Oiarbide hasieratik saiatu zen udalak hartutako erabakia argudiatzen. Zarautzen Bizi prozesuko lanketatik aterako dituztela ondorioak –moratoriarena barne–, azaldu zuen Oiarbidek, baina "horrek bere denbora behar du, gauzak ezin baitira egun batetik bestera egin".
Alde Zaharrean apartamentu turistikoak eraikitzeko litzentzia eskaera ez dela atzo goizekoa zehaztu zuen, gainera. "Duela urtebeteko proiektu bat ezin dugu mahai gainean utzi, moratoria bat ezarri bitartean. Ez da serioa", argi utzi zuen Hirigintza zinegotziak: "Ezin dugu jendea zain utzi".
Xabier Txurruka alkateak ere zehaztapen bat egin nahi izan zuen, hamabost apartamentuak joango diren bi lokal horiek ez direla merkartaritzakoak, "eta ez ditugula merkatu txikiak itxi, esaten aritu zareten bezala". Aspaldian geldirik egon diren aroztegi zaharrak direla nabarmendu zuen: "Apartamentuek bizitza emango diote Alde Zaharrari".