Ruben Vitoria Eurosurfeko bigarren aukerako finalera sailkatu da

Ekaitz Etxabe 2025eko uztailaren 23a

Ruben Vitoria Zarauzko hondartzako uretan. (@ruben.vitoria)

Surflari zarauztarra Santa Cruzko hondartzan (Portugal) ari da Eurosurf txapelketa jokatzen. Gaur hiru txanda gainditu ostean, bigarren aukerako finalerako sailkatu da.

Ruben Vitoria Eurosurf 2025 txapelketako bigarren aukerako finalera sailkatu berri da. Herbeheretako Oliver Heintz, bere taldekide Dylan Donegan eta Galesko Partrick Langdon Dark izan ditu parean. Heintz eta Vitoria sailkatu dira biharko finalera, 14.33 eta 14.24 puntu lortuta, hurrenez hurren. Donegan eta Dark ezin izan dira bigarren aukerako finalera sailkatu, 13.66 eta 9.10 puntu lortu baitituzte.

Gaur, guztira, hiru txanda gainditu ditu zarauztarrak. Lehenengoan, bere taldekide Dylan Donegan eta Galesko Logan Nicolen aurka aritu da Vitoria. Doneganek eta Vitoriak lortu dute aurrera egitea, 12.33 eta 11.93 puntu bilduta, hurrenez hurren. Nicolek, berriz, ezin izan du hurrengo txandarako txartela lortu, 6.17 puntu lortu baititu.

Gaurko bigarren txandan, Herbeheretako Oliver Heintz eta Portugaleko Joaquim Chaves izan ditu aurrean Vitoriak. Heintz eta Vitoria sailkatu dira hurrengo txandarako, 11.90 eta 12.10 punturekin hurrenez hurren. Chavesek, berriz, ez du lortu aurrera egitea, 7.74 puntu lortuta.

Bihar jokatuko du bigarren aukerako finala, Oliver Heintz eta oraindik zehaztu gabe dauden bi surflariren aurka. Txanda hau gainditzea lortzen badu, Eurosurf 2025 txapelketako finalera sailkatuko da Vitoria.

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide