Pasa den ostiralean hasi zen Eurosurf txapelketa Santa Cruzko hondartzan (Portugal), eta ostiral honetan amaituko da. Bertan ari da lehiatzen Ruben Vitoria zarauztarra. Eurosurf naziokako Europako surf txapelketa da, eta Vitoria Espainiako selekzioarekin lehiatzen ari da bertan.
Txapelketa ederki hasi zuen, lehen txandan aurrera egitea lortu baitzuen, 6.30 puntu lortuta. Bigarren txandan, ordea, 7.33 puntu bildu zituen, baina ezin izan zuen aurrera egin. Hala ere, bigarren aukera jokatzen ari da orain, txapelketan aurrera egin ahal izateko. Bigarren aukera honetako lehen txanda jokatu berri du gaur arratsaldean, eta 12.74 puntu bilduta hurrengo txandara sailkatzea lortu du.
Galesko Partrick Langdon Dark izan da bigarren, 10.77 punturekin, eta hura ere hurrengo txandara sailkatu da. Israelgo Ilay Bochanek eta Italiako Khalil Da Silvak agur esan diote txapelketari, 9.17 eta 6.67 puntu bilduta, hurrenez hurren.
Bigarren aukera honetan, oraindik definitu gabe dauden beste lau txanda gainditu beharko ditu Vitoriak txapelketako finalera sailkatu ahal izateko.