"Balorazio oso positiboa" egin du udalak Emakume Sortzaileen Azokaren inguruan

Mireia Galarza Bastida 2025eko uztailaren 22a

Asteburuan ospatutako azoka. (Mireia Galarza Bastida)

Azokako "giro ezin hobea" nabarmendu du udalak, eta dagoeneko azoka "nahiko sendotu" dela ere gehitu du. Hurrengo urtera begira azoka egun osoan egitea aztertuko dutela azaldu du erakundeak. 

Joan den larunbatean, hilaren 19an, egin zuten Emakumeen Etxeak eta Zarauzko Udalak elkarlanean antolatutako Emakume Sortzaileen Azoka. Asteburua igarota, udaleko Berdintasun departamentuak  "balorazio oso positiboa" egin du jardunaldiaren inguruan. "Eguna ona izan zen eta giroa, ezin hobea", adierazi du Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak. "Guztira, emakume sortzaileen 22 postuk parte hartu dute, horietako batzuek beren sorkuntzak jarri zituzten salgai, eta egunaren amaieran oso pozik zeuden emaitzarekin. Beste batzuek beren lanak erakusteko interesa zuten, eta oso eskertuta zeuden. Izan ere, egunean zehar jende asko ibili zen postuetan zehar, sortzaileekin iritziak partekatzen", azaldu du.

Vazquezek gehitu duenez, azokaren beste alderdi garrantzitsu bat da sortzaileen artean sortzen den lotura. "Saretzeko, elkar ezagutzeko eta esperientziak trukatzeko aukera bat ere bada. Izan ere, arlo horretan diharduten beste emakume batzuk ezagutzeko aukera izaten dute", dio. Horixe izan da azokaren helburua, hain zuzen ere: emakume sortzaileen lana lehen lerroan jartzea, eta beren burua ezagutarazteko eta beren lanarekin jarraitzera animatzeko erakusleiho bat ematea. Horretaz gain, "azoka hiru urtetan sendotuz joan" dela ere erantsi du erakundeak.

Udalaren balorazioaz gain, parte hartzaileena ere bildu zuen erakundeak azoka amaitzean. Hori positiboki baloratzeaz gain, azoka mantentzea eskatu dute parte hartzaileek, baita hori arratsaldean zehar luzatzea ere. "Eskerrak ematen dizkiegu parte hartzeagatik eta proposamenengatik. Interesgarria da azoka egun osoan egotea, eta horregatik, hurrengo urteko deialdiari begira aztertuko dugu", azpimarratu du Berdintasun zinegotziak.  

 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide