Segundo baten aldeak lapurtu dio garaipena emakumezkoen traineruari Portugaleten

Mireia Galarza Bastida 2025eko uztailaren 20a

Emakumezkoen trainerua, atzoko Orioko estropadan. (Onintza Lete Arrieta)

Lehen luzean San Juanek Zarautzi bost segundu kendu badizkio ere, etxeko neskek denbora hori laburtzea lortu dute bigarren luzean. Hala eta guztiz ere, ez da nahikoa izan. Atzoko garaipena dela eta, harrera egingo diote arratsaldean udaletxean, 19:00etan. Gizonezkoen traineruak hirugarren egin du Gorlizen jokatutako estropadan. 

Atzoko garaipenaren ostean, indar biziz atera da gaurkoan ZAEko emakumezkoen trainerua Portugaleten (Bizkaia) jokatutako 43. Noble Villa Bandera lortzeko asmoz. Seigarrena izango litzatekeen bandera, baina, San Juanek irabazi du, eta horrenbestez, bigarren postuarekin konformatu behar izan dute Enbatako neskek. 

Hiru txanda jokatu dituzte gaurkoan, eta bakoitzean hiruna taldek parte hartu dute. Zarautz Gesalaga Okelan azken multzoan atera da, San Juan eta Kaikurekin batera. Aurretik jokatutako txandetako denborak izan dituzte erreferentziatzat, eta beraz, beren taldean erabaki da guztia. San Juan aurrerago ibili da, eta lehen luzean Zarautzi bost segundu kendu badizkio ere, etxeko neskek denbora hori laburtzea lortu dute bigarren luzean. Hala eta guztiz ere, ez da nahikoa izan, eta San Juanek amaitu du lehenago. Ez, ordea, segundo askogatik, hurrenez hurren, 11:03:78 eta 11:04:83ko denborak eskuratu baitituzte. 

Lortutako bandera dela eta, 19:00etan kalejiran irtengo dira Enbatako neskak, eta jarraian harrera egingo zaie udaletxean. 

Mutilak ere, goian

Gizonezkoek, etxeko estropada jokatu eta gero, Gorlizen (Bizkaia) izan dute asteburuko bigarrena. Atzokoa bezala, gaurkoa ere erlojupeko proba izan da, bi txandatan burutu dutena. 

Zarautz, San Pedro, Pedreña, Zumaia, Arkote eta Santurtziko traineruekin batera, bigarren txandan lehiatu da, eta txanda horretakoek lortu dute lehen hiru postuetan saillatzea: Arkote izan da lehenengoa, Itsasoko Ama bigarren eta Zarautz hirugarren. Paretsu ibili dira hiru ontziak lehen luzean, baina Arkotek aurre hartu du bigarrengotik aurrera, eta beraiek lortu dute garaipena. 74 punturekin, gizonezkoen etxeko traineruak hirugarren postuan jarraitzen du sailkapen orokorrean. 

Zarautz Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide